2016ko azaroan esan zion agur eliteko kirolari Oletako borrokalariak. Ordutik, buru-belarri dihardu baserriko lanetan eta Otxandioko neska-mutikoei eskolak ematen. Tarteka, erakustaldiak egiten ditu. Aramaioko Udalak egin dion omenaldi ekitaldian ez du hutsik egin.
Hain zuzen ere, borroka erakustaldiarekin hasi dute ekitaldia. Otxandioko eta Gasteizko borrokalariek taldeka eta bikoteka egin dituzte ariketak. Txikienek jolasak eta helduek borroka. Giltza eta mugimenduak erakusketako borrokaldiak. Azkenengoan, Unda eta Lertxundi lehiatu dira. Biak ala biak dira Otxandioko eskolako irakasleak.
Bertsoak eta dantzak
Ostean hartu du hitza Lierni Altuna alkateak. Maider Undaren figura azpimarratu ostean, Oletako borrokalariak Aramaiori emandakoa jaso dute bertsotan Xabi Igoak eta Andere Arriolabengoak. Dantzarien aurreskuen ondoren, lore-sorta eta oparia jaso ditu Undak. Ekitaldia bukatzeko, kiroldegian ipiniko duten plaka erakutsi dute herritarren aurrean. Gaurtik aurrera, Aramaioko kiroldegia Maider Unda kiroldegia izango da.