Euskararen Eguna da domekan –abenduak 3–, eta Aramaion ere ospatuko dute. Aurreko bi urteetan egindako moduan, euskararen aldeko Herri Lasterketa izango da, eguerdiko hamabietan hasita.
Lau kategoria ezberdin egongo dira: 6 urtetik beherakoek 270 metroko lasterketa egingo dute; 6 eta 12 urte bitartekoek, 725 metrokoa; 12 eta 16 urte bitartekoek, bi kilometrokoa; eta 16 urtetik gorakoek lau kilometroko lasterketa egin beharko dute. "Lau kategoria daude, eta hiru ibilbide desberdin. 16 urtetik gorakoek hirugarren ibilbidea bi aldiz egin beharko dute. Lehenengo bi ibilbideak Ibarran bertan dira eta hirugarren ibilbidea apur bat aldendu egiten da, Eguzkierripa alderantz igotzen da, eta buelta plazara. Izan ere, ibilbide guztiak hasi eta bukatzen dira plazan", azaldu du Rosa Mondragonek, Euskara teknikariak.
Aurten ere Aramaixon euskeraz bizi gure dot leloa daramaten kamisetak atera ditu Udalak, eta parte-hartzaileak kamiseta horiek jantzita korrika egitera gonbidatu ditu. "Izena ematearekin batera egongo da kamiseta hauek eskuratzeko aukera, bost eurotan. Kirola egiteko kamisetak dira. Neurri ezberdinak egongo dira, umeendako eta nagusiendako, eta helburua da kamiseta jantzita parte hartzea", adierazi du Mondragonek.
Txikienen lasterketa izango da lehenengo, eta ondoren, beste hiru kategoriak. Esan bezala, 12:00etan abiatuko da lasterketa eta izen-ematea ordubete lehenago hasiko da, 11:00etan, plazan bertan. Ibilbidean zehar boluntarioak beharko dira: zirkulazioa geratzeko eta jarraitu beharreko bidea seinaleztatzeko. Beraz, laguntza oro ongietorria izango dela jakinarazi du Udalak. Lasterketa guztiak amaitutakoan, berriz, luntxa egongo da udaletxeko arkupeetan.
Sailkapenik ez
Euskararen aldeko lasterketa izanik, denbora ez da kontuan hartuko, eta, ondorioz, ez da sailkapenik egongo. "Hasi eta bukatu, euskararen alde. Euskararekin egiten dugun moduan, parte hartzea da garrantzitsua, bakoitzak daukan mailarekin eta ahal duen neurrian", azpimarratu du Euskara teknikariak.
Hirugarrenez
Aurten hirugarren aldiz antolatu dute ekimen hori, eta Mondragonek dio oso erantzun ona duela herrian. "Pozik gaude orain arte izandako erantzunarekin, eta aurtengoak ere erantzun ona izatea espero dugu", dio.