Epaimahaiak 60 argazkiren artean hartu behar izan du erabakia. Lehiaketako argazki irabazlea Eider Ballinak San Martin jaietako kontzertu batean ateratakoa izan da, epaimahaiak hala erabakita. "Musikariak selfie bat ateratzen ari ziren kontzertua amaitzean, eta nik hori baliatu nuen argazkia ateratzeko. Gainera, euria zen, eta aterkiak ere efektu polita egiten du irudian", azaldu du Ballinak.
Irabazle nagusiaz gain, beste lau kategoria ere bereizi dira: neguko argazki onena Aitor Aranarena izan da; udaberriko onena Asier Castellanorena, udako onena Eider Ballinaren beste argazki bat eta udazkeneko onena, Asier Castellanoren beste bat.
Bost argazki horiekin eta beste batzuekin 2018ko egutegia osatuko du Udalak.
Udaberriko irabazlea
Asier Castellanok Uribarri auzoan drone batekin ateratako argazkia izan da udaberriko onena. "Traktorea belarra mozten zebilela ikusi nuen eta pentsatu nuen goitik polita ikusiko zela. Halaxe egin nuen, eta konturatu nintzen belarra forma bitxian zegoela moztuta".
Udako irabazlea
Eskolako ikasturte amaieran atera zuen Ballinak argazkia. "Ni leihoan nengoen, eta, umeak paretara hurbildu zirenean, argazki polita ikusi nuen", dio.
Udazkeneko irabazlea
Orixolera bidean ateratako argazkia da, Santikurtzeko txabolatik. Argazki horrek badu gauza kurioso bat; izan ere, egilea –Castellano– irudiaren ezkerraldean agertzen den txabolan zegoen une hartan, eta dronearekin atera zuen argazkia, hura zegoen tokirantz.
Neguko irabazlea
Aitor Aranak Santikurtzetik ateratako irudi bat izan da neguko onena. "Urtarrilaren 1a zen. Hotz egiten zuen, eta laino artean zegoen izotzak kontraste polita egiten zuen", dio Aranak.