Batetik, San Martin eskolako irakasle, ikasle eta gurasoek 15:00etan abiatuko dute euren jaia, eskola kanpoko arkupeetan.
Jaialdiari hasiera emateko, Erre Errekina kantua abestuko dute guztiek, eta Lehen Hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek txirularekin lagunduko diete. Ondoren, Haur Hezkuntzako ikasleek Gaztainak erreko ditugu abestia kantatuko dute. Hori bukatzean, LHko lehen eta bigarren mailetako ikasleek lekaio emanaldia eskainiko dute. Udazkena abestia izango da hurrena, hirugarren eta laugarren mailetako ikasleen eskutik. Bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek Iñaki Viñaspre bertsolariarekin landutako bertsoak abestuko dituzte, San Martin eguna ardatz hartuta. Azkenik, guztien artean San Martin, San Martin abestia kantatuko dute, eskolako kideen artean sortua.
Jaialdia aurrera doan heinean, Guraso Elkartekoek gaztainak erreko dituzte eta jaia bukatzean, guztiendako banatuko dituzte danbolinean erretako gaztainak.
Trikiti taldearen jaia
Trikiti taldeak ere egingo du San Martin bezperako jaia gaur, eta herriko kaleak alaituko ditu. 18:30ean kalejira egingo dute, plazaraino, eta 19:30ean, emanaldia eta pintxo-poteoa. Ondoren, 20:30ean, errifen zozketa egingo dute. Zozketa amaitzean, trikiti eskolako ikasleek erromeria girotua eskainiko dute, Añai taberna inguruan.