Zapatuan hasiko dituzte San Melixan jaiak, kanpai errepikekin eta etxafuegoekin, 09:00etan. 12:00etan meza nagusia egingo dute, Aretxabaletako abesbatzaren laguntzarekin. Meza bukatzean, abesbatza berak kontzertua eskainiko du. 13:00etan bermut dantza eta III. Txapel Jaurtiketa Lehiaketa egingo dute. Arratsaldea, berriz, mus txapelketarekin hasiko dute, 17:00etan. Ordu erdi geroago, patata-tortilla lehiaketa hasiko da –17:30ean–. 19:30ean, sari banaketa eta tortilla dastaketa egingo dute eta afalostean, 23:00etan, DJ Xaz-ek dantzaldia eskainiko du. Zapatuari bukaera emateko, azkenik, txokolate beroa banatuko dute, "barruak berotzeko".
Domekari ere kanpai errepikek eta etxafuegoek emango diote hasiera, 09:00etan. 11:15ean, Arrasate Musikaleko Txistulari Bandak kontzertua eskainiko du. Ondoren, 37. Gantzaga Saria txirrindularitza proba abiatuko da, 12:30ean. 13:00etan, trikipoteoa egingo dute, trikitilarien laguntzarekin. Arratsaldean, azkenik, Tute Txapelketa egingo dute, 17:00etan.
Bestalde, azaroaren 19an, auzo bazkaria egingo dute elkartean, 14:30ean. Sei Pistols Eta Trabuko Bat taldeak alaituko du bazkari hori. Aurrez eman beharko da izena, azaroaren 15a baino lehen, 669 94 65 94 telefonora whatsapp bat idatzita.
Ekitaldiak Zalgon
Zalgoko auzotarrek bertso afaria egingo dute zapatuan, 21:00etan, Xabi Igoa eta Manex Agirrerekin, Zubi-ondo elkartean. Aurrez, 9:00etan, auzoa garbituko dute, auzolanean.