Irailaren 1ean abiatu zen txapelketa, eta, bi hilabeteren ostean, San Martin egunean bertan jokatuko dituzte finalak.
Lau kategoria desberdin izan dira: benjaminak, kimuak, infantilak eta kadeteak. Kategoria bakoitza, berriz, bi mailatan banatu da. Beraz, zortzi partidu izango dira bihar Aramaioko pilotalekuan, hamasei bikote guztira, 16:00etatik aurrera.
Hiru bikote aramaioarrek lortu dute finalerako txartela. Batetik, kimuen B mailan, Aner de la Torrek eta Julen Fernandezek Biain-Espino bikotearen aurka jokatuko dute, txapelketa borobila egin ostean –partidu bakarra galdu dute–. Final "lehiatua" espero du Josu Olaizolak, Aramaio Pelota Elkarteko kideak.
Bestetik, infantilen B mailan, Danel Herrartek eta Xabi Errastik Uriarte-Ugalde izango dituzte aurkari. Errastik ezin izan zuen finalaurrekoa jokatu, belauneko kolpe baten ondorioz, eta ikusteko dago nola erantzungo dion belaunak. Hala ere, faboritoa da Aramaioko bikotea, Olaizolaren esanetan.
Azkenik, kadeteen B mailan, Markel Arriolabengoa eta Mikel Sanz Antia-Zerain bikotearen aurka arituko dira. Final horretan zail ikusten du garaipena Olaizolak: "Hala ere, seguru partidu borrokatua eta lehiatua ikusi ahal izango dugula".
Txapelketak eman duenarekin gustura azaldu da Olaizola, eta, ume zein guraso, guztiak pozik gelditu direla adierazi du. Hala, finalak irabazita borobildu nahiko luke txapelketa. "Hirutik bi garaipen sinatuko nituzke, baina, hiru baldin badira, askoz hobeto", azpimarratu du.
Salda, txorizoa eta bertsoak
Partiduak jokatu ahala, salda beroa eta txorizo pintxoak banatuko zaizkie frontoira hurbiltzen diren pilotazaleei, eta sari banaketan zehar, bertso-eskolako kideek zenbait bertso eskainiko dituzte.