Euria iragarrita zegoenez, gaurko hirunako txapelketako hiru saskietako bi Udaletxeko arkupetan jarri dituzte, eta bertan jokatu dituzte partidu gehienak. Ateri egon denean edo euri gutxi ziharduen momentuetan kanpoko hirugarren kantxatxoa ere aprobetxatu dute.
Hala, eguraldia "pena" izan dela dio Ointxe! -ko Gorka Zurutuzak; hala ere, jakitera eman du badutela asmoa aurrerago, uda eta eguraldi ona gerturatzen joan ahala, uztaila aldean-edo, antzeko beste hitzordu bat antolatzeko. Gainera, ekimenak datozen urteetan jarraipena izan dezakeela ere aurreratu du. Izan ere, gaurkoa Aramaion egin duten lehendabiziko hirunako saskibaloi txapelketa izan da.
Uztaipean dena eman dute
Euria eta freskura ez dira izan oztopo gaurkoan parte hartzera animatu diren neska mutikoendako. "Eurak gustura aritu dira", dio Zurutuzak. Hala, hogei taldek eman dute izena, eta, Aramaiokoez gain, Arrasateko, Aretxabaletako edota Eskoriatzako gaztetxoak ere gerturatu dira. Guztiak ere primeran aritu dira horren gustuko duten kirola ematen, eta erakutsi dute ez dagoela zertan oso altua izan saskibaloian ondo aritzeko.
Bada, nesketan, gaurkoan The best friends taldeak irabazi du txapelketa. Mutiletan, berriz, hirugarren eta laugarren mailakoen multzoan, Okazo taldeak, eta bosgarren mailakoenean, berriz, Mini Mondraitorsek. Irabazleek saskibaloiko baloiak eta gozokiak jaso dituzte sari modura. Jarraian, irabazleen talde argazkiak (Gorka Zurutuza).
- The best friends
- Okazo
- Mini mondraitors