Gregorio Gallego tailugile eta eskultore aramaioarrak erakusketa zabalduko du zapatuan Sastiñan, egur taila eta eskultura ardatz hartuta. 12 urte daramatza Gallegok Arrasateko taila taldean, eta denbora horretan eginiko piezak jarriko ditu erakusketan. "Taila geometriko euskalduna egiten hasi nintzen, kutxak, eta abar. Gero, liburuetatik eta argazkietatik gauzak kopiatzen ere aritu nintzen. Azkenik, hiru dimentsioko figurak eta eskulturak egiten ikasi nuen Gasteizko Arte Eskolan. Gutxi gorabehera, hori egongo da ikusgai", azaldu du aramaioarrak.
Ikusgai, eta salgai. Izan ere, ahal izanez gero, saltzea ere gustatuko litzaioke. "Gauza asko ditut eginda eta gela bat dut nire lanak gordetzeko. Baina gela hori txiki geratzen ari zait. Beraz, lan batzuk kendu nahi ditut. Egurrezko kaikuak, adibidez, errazak dira saltzeko, eta arrazoizko prezioak jarriko ditut. Beste pieza batzuek, hala ere, 150 edo 200 euro balioko dute eta horiek zailagoak izango dira saltzeko. Baina norbaitek interesa izanez gero, ni oso gustura", azpimarratu du.
Bost egunez zabalik
Zapatuan 12:30ean irekiko dute erakusketa, 14:00ak arte. Arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara bitartean irekiko dute. Domekan, 12:30etik 14:00etara egongo da zabalik. Azaroaren 1ean, jaieguna dela aprobetxatuz, domekako ordutegi berean egongo da zabalik –12:30etik 14:00etara–. Azaroaren 4an, zapatua, 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Azkenik, azaroaren 5ean, domeka, 12:30etik 14:00etara.