Aramaioko 37 postu egongo dira, guztira, biharko azokan. Horietatik 25 artisauenak izango dira, eta zenbait produktu izango dituzte erakusgai eta salgai –barazkiak, gazta, gozogintzako produktuak, eztia, belarritakoak, lepokoak, eta abar–. Horrez gain, herriko abeltzainen hamabi postu ere egongo dira eta euren animaliak egongo dira ikusgai –ardiak, astoak, behiak...–.
Bestalde, kanpotik etorritako 23 artisauk ere euren postua jarriko dute plazan. "Bizkaitik, Arabatik eta Gipuzkoatik, alde guztietatik etortzen dira artisauak urtero", adierazi du Itxaso Aspiazuk, Kultura teknikariak.
Oihartzun handia duen azoka da hau, eta, kanpotik etorritako artisauak ere badauden arren, herrikoei eman gura izaten zaie lehentasuna urtero. "Gure lehentasuna da herriko abeltzainak eta artisauak ezagutaraztea eta haien produktu eta animaliak erakustea gerturatzen den edonori. Baina kanpokoak ere ongietorriak dira", dio Aspiazuk.
Gainontzeko ekintzak
Meza ere egongo da bihar, urtero legez, Bixente Goikoetxea abesbatzak lagunduta. Ondoren, Papargorri eskolaniaren emanaldia egongo da.
Meza bukatzean, Lagun Artean dantza taldeak emanaldia egingo du, txistulariek lagunduta, eta trikitilarien kalejira egongo da, kalez kale.
Bukatzeko, 100 erretiratu inguru batuko dituen bazkaria egingo dute eta herriko bi zaharrenak omenduko dituzte: Maria Angeles Beitia eta Balentin Ibabe, bakoitzari detaile txiki bat oparituta. Bazkalostean, urteroko oparien zozketa egingo dute, kiroldegian bertan. La Perla bainuetxean tratamendu bat, asteburu baterako egonaldi bat eta beste hainbat detaile txiki zozketatuko dituzte.