"Legeztatu eta hurrengo egunean udaletxeko balkoian jarri nuen ikurrina"

Eneko Azurmendi 2017ko urr. 20a, 10:04

Julian Unzueta, etxeko atarian.

Domekan omenaldia egingo diote Julian Unzueta alkate ohiari –ekainean herriko seme kuttun izendatu zuten–; udaletxeko osoko bilkura aretoan izango da hori, 13:00etan, eta udal ordezkariak, herriko taldeak eta familiakoak egongo dira. Unzuetak zortzi urte egin zituen alkatetzan, 1971tik 1979ra, eta ondoren, Arabako diputatu ere izan zen, 1979tik 1983ra arte.

Nola heldu zinen alkate izatera?

Baserri bateko gorabeherak zirela eta, Arabako diputatu zen ingeniari bat ezagutu nuen, eta oso harreman ona egin nuen harekin. Alkate izateko moduko gizona nintzela ikusi zuen, eta, niri ezer esan gabe, Diputazioko presidentea konbentzitu zuen ni alkate izateko. Hilabete geroago, gutun bat iritsi zitzaidan Gobernu Zibilera joateko, eta han esan zidaten Aramaioko alkate berria nintzela.

Ezustean, beraz?

Erabat harrituta gelditu nintzen eta hasieran ez nuen alkate izan nahi. Aurrez, Antonio Pol zen alkate eta hark eskatuta zeukan Aramaiotik Gipuzkoako mugarainoko bidea zabaltzeko proiektua. Alkate sartu eta lau egunera, Diputazioko gutun bat jaso nuen esanez obra hori garestiegia zela eta ez zela egingo. Beraz, aukera aprobetxatu nuen eta presidenteari –Manuel Lejarreta– esan nion obra ez bazen egiten, ez nintzela alkate izango. Horrekin alkatetzatik libratuko nintzela uste nuen, baina justu kontrakoa gertatu zen. Onartu egin zidan tratua, eta errepidea zabaltzeko lanak hasi zituzten. Ez nintzen libratu, eta pixkanaka beste hainbat lan egin nituen.

Ikastola ere jarri zenuen herrian.

Familia euskalduna zuten ume asko kalean gaztelaniaz berba egiten entzuten nituen. Frankismoa oraindik nahiko bizirik zegoen, eta euskaraz irakatsiko zen ikastetxe bat egitea pentsatu nuen. Beraz, Lejarretari laguntza eskatu nion, lokal batzuk prestatzeko, eta 1973-1974 ikasturterako, bi ikasgela zituen ikastolak. Andereño bat aramaioarra zen. Lehenengo ikasturtean, ia 40 ume egon ziren, eta 1979-1980 ikasturtera arte egon zen zabalik.

Zein zailtasuni egin behar izan zenien aurre alkate zinela?

Eskuin muturraren partetik mehatxu asko jasan behar izan nituen; batez ere, Guardia Zibilaren partetik. Horrez gain, ikastolaren aurkako jende askoren komentarioak entzun behar izan nituen; hezkuntza suntsitzen ari nintzela, eta abar.

Ikurrinak ere zeresana eman zuen zure alkate garaian, ezta?

Hala da. Bergarako Alkateen Mugimenduan nengoen. Arabako alkate bakarra nintzen. Batzar batean erabaki genuen garai hartan Espainiako presidente zen Adolfo Suarezekin biltzeko eta ikurrina legeztatzeko eskatzeko. Jose Antonio Altuna Txatillo –Arrasateko alkatea–, Jose Luis Elkoro –Bergarakoa– eta Imanol Murua –Zarauzkoa– bildu ziren Suarezekin, eta 1977ko urtarrilaren 18an ikurrina legeztatu zuen hark. Hurrengo egunean Aramaioko balkoian jarri nuen; beraz, imajinatu batzuk nola jarri ziren. Frankista asko zegoen oraindik herrian, eta, gezurra badirudi ere, okerrenak emakumeak ziren, gizonezkoek ez zuten hainbeste azaleratzen haserre hori.

Ikurrinarekin lotutako anekdota polit bat baduzu.

Hiru urte nituela, 1931n, nire aitona alkate zegoen. Errepublika ezarri zenean, ikurrina kendu zuten udaletxetik eta bandera errepublikanoa jarri zuten. Horrek asko haserrarazi zuen nire aitona eta amari esan zion ni izango nintzela bere oinordekoa. Hala izan zen. Izan ere, 46 urte geroago, ni izan nintzen hurrena udaletxean ikurrina jartzen.

Alkate izan ostean, diputatu.

1979an Zuiako Kuadrilla sortu zen, sei udalek osatuta, eta, hauteskundeak iritsi zirenean, Kuadrillako diputatua atera behar zen diputatu izateko. Seitik bost boto eskuratu nituen Mendi, Nekazaritza eta Abeltzaintza alorrean egin nuen lan. Oso gustura aritu nintzen diputatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak