Hainbat saio, zahartzaro osasuntsua izateko

Eneko Azurmendi 2017ko urr. 20a, 09:55

Ciel Brooijmans hezitzaile soziala memoria tailer bat eskaintzen, Idiazabalen.

Alaiak Jubilatuen Elkarteak memoria tailerra antolatu du aurtengo ikasturterako; Ciel Brooijmans hezitzaile sozial herbeheretarrak eskainiko ditu saioak, gaztelaniaz, eta jendea animatu guran dabiltza, gutxienez 15 pertsona behar dira-eta taldea osatzeko.

"Adinean aurrera goazenontzat ezinbestekoa da gure burua zaintzea, bai fisikoki, baita mentalki eta emozionalki ere. Horregatik, memoria tailer hau antolatu dugu, gure ongizatea hobetuko duelako", adierazi du Cristina Etxenausiak, Alaiak Jubilatuen Elkarteko kideak. Hamar saiotan banatuko da tailerra eta hainbat ariketa egingo dituzte: kontzentrazio eta arreta ariketak, komunikazio teknikak lantzekoak, behaketa teknikak lantzekoak, pentsamenduen egituraketa lantzekoak, oroitzapena ondo erabili eta mantentzeko ariketak, eta abar.

Ciel Brooijmans

Saio horiek Ciel Brooijmans hezitzaile sozial herbeheretarrak eskainiko ditu. "Zahartzaroarekiko nire ikuspegi propioa garatu nuen, baita teknika lantzeko nire teknika propioa ere, eta hori ari naiz lantzen azken bost urteetan, tailerren eta hitzaldien bidez. Arte-terapia eta psikodrama bezalako teknikak erabiltzen ditut, bakoitzak aukeratu dezan bide egokiena bere zahartzaroa ahalik eta pozgarriena izateko", azaldu du.

Gazteleraz izango da tailerra, Cuidar la memoria izenpean. "Tailer hauetan, memoria ez dugu modu isolatuan lantzen, baizik eta testuinguru oso baten barnean –fisikoa, mentala eta emozionala–. Izan ere, memoria ona izateko, garrantzitsua da osasuntsu jatea, gorputza mugitzea, estresa saihestea, zahartzen ari garela onartzea, gure ongizatea zaintzea, eta abar", azaldu du hezitzaileak.

Hala, espezifikoki memoriarendako diren aspektu batzuk lantzeaz gain, zahartzaro aktibo eta osasuntsua izateko "ezinbestekoak" diren aspektu batzuk ere landuko dira saioetan.

Herbeheretarrak azpimarratu du zahartzaroan aldatu egiten direla bizitzarekiko interesak eta jarrerak. "Denbora luzeagoa dugu eta beste erritmo batean bizi gara".

Taldea osatu guran

Gutxienez 15 lagun behar dituzte taldea osatzeko, eta, oraingoz, hamar lagunek eman dute izena. Hori dela eta, Jubilatuen Elkarteak herritarrak animatu nahi izan ditu saio horietan parte hartzeko. Behin taldea osatutakoan jarriko dute hasiera eguna, eta hamar saio izango dira guztira. Martitzenero izango dira, 10:00etatik 12:00etara, erretiratuen lokalean. Izena emateko, telefono hauetako batera deitu behar da: 605 72 05 31 edo 675 00 88 21. Izen-emateak 40 euro balio du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak