Kiroldegiko gimnasioa, guztiz itxuraldatuta

Eneko Azurmendi 2017ko urr. 11a, 10:00

Gimnasioa guztiz berrituta geratu da. Argazkia: Aramaioko Udala.

Udalak dagoeneko amaitu ditu kiroldegiko gimnasioko bigarren eta azken faseko lanak; lehen fasean gela handitu zuten eta orain hura egokitu dute, intsonorizatu, zoru egokia jarri eta leihoak berritu; astelehenean hasi dute pilates ikastaroa han.

Itxuraldatuta ireki ditu ateak kiroldegiko gimnasioak. Izan ere, berrikuntza lanak egiten aritu dira uztailetik hona, eta dagoeneko erabilgarri dago guztiz berrituta geratu den gela. Lanen bigarren fasea izan da bukatu berri dutena; lehenengoan, aldagelak eta ur berogailua berritu zituzten, eta iaz, kiroldegiko gimnasioa egokitzen hasi zen Udala, lehen solairuan zegoen gimnasio zaharra handituz, komun berriak eginez eta barra kenduz. Bigarren fase honetan, gimnasioa intsonorizatu dute, zoru egokia jarri eta leihoak berritzeaz gain.

Behin gela egokituta eta berrituta, pixkanaka behar dituen azpiegiturak gehitzen joango da Udala. Oraingoz, berogailuak eta materiala txukun gordetzeko tresnak erosiko dituzte eta ondoren, gainontzeko gauzak.

Ekintzak antolatzen

Orain, ekintza guztiak ordenatzen eta antolatzen dabil Udala, ahal dena bertan sartu ahal izateko. Gauzak horrela, Aramaioko lehentasunak identifikatzeko prozesuan irten zen beste puntu bat gauzatu da obra horren amaierarekin. Azken finean, herrian lokal gehiago egokitu beharra antzeman zen pasa den udaberrian egindako Aramaioko lehentasunen prozesuan. Herritarren iritzia jaso ostean, askotan agertu zen gaia izan zen kiroldegia egokitu beharrarena.

Horri lotuta, Udalak azpimarratu du aurrerapauso bat dela gimnasioa erabilgarri izatea, azken finean, lokal bat gehiago delako ekintza eskariari aurre egiteko.

Orain arte, antolatutako ekintza guztiak –mantentze gimnasia, yoga, pilatesa, euskal dantza, flamenkoa…– leku ezberdin batean egin izan dira, eta, gela berri horrekin, horri irtenbidea eman gura izan zaio. Hala ere, Udalak aurreikusten du gimnasio horrek ez diela herrian egingo diren ekintza guztien beharrei erantzungo eta oraindik esparru horretan lanean jarraitu beharko dela ohartarazi du, ekintza bakoitza egiteko leku egokia egon dadin.

Pilates ikastaroa, martxan

Gimnasio berrian egingo den ekintzetako bat pilates ikastaroa izango da. Hain zuzen ere, astelehen honetan hasi dituzte saioak.

Berrikuntza bezala, Udalak bi aukera eskaini ditu aurtengo ikasturtean, goizez eta arratsaldez, herritarrek saioak jasotzeko aukera gehiago izan ditzaten. Hala, bi talde sortu dira, eta, horrela, txandaka lan egiten dutenek ere aukera izango dute pilatesa egiteko, eskolarik galdu gabe: ahal dutenean, goizez, eta bestela, arratsaldez. Goizeko taldean hamar pertsona daude izena emanda eta arratsaldekoan, berriz, hamabost. Azkenik, lau pertsona txandaka arituko dira.

Ordutegiari dagokionez, goizeko taldeak martitzen eta eguenetan izango ditu saioak, 19:45etik 20:45era. Arratsaldeko taldearen saioak, aldiz, astelehenetan eta eguenetan izango dira, 10:30etik 11:30era bitartean.

Irakaslea Iker Arriolabengoa izango da. Izan ere, azken urteotako ibilbidea eta balorazioa ikusita, ikasleak eta Udala oso gustura daude harekin.

Kantxaren alokairua

Bestalde, kiroldegiko kantxa alokatzeko aukera ere egongo da aurten. 2017-2018 ikasturtean zehar izango dituen egutegia eta ordutegia zehaztu dituzte, kirol talde ezberdinen eta eskolaz kanpoko bestelako ekintzekin.

Beraz, astean zehar, honako ordu hauek egongo dira erabilgarri urtean zehar: martitzenetan, 17:00etatik 21:00etara; eguenetan, 20:00etatik 21:00etara; eta egubakoitzetan ere ordu berean, 20:00etatik 21:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak