Edonork parte hartu ahal izango du etzi egingo duten Kaleko Margo Lehiaketan. Estiloa eta teknika libreak izango dira eta edozein material erabili ahal izango da margotzeko, baina materiala etxetik eraman beharko dute parte-hartzaileek.
Egunean bertan egin beharko dira lanak, aire librean, eta herrian Aramaion oinarritutakoak izan beharko dira.
Epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da eta sariak hutsik geratu daitezke.
Sariei dagokienez, irabazleak 700 euro eramango ditu; bigarren sailkatuak 500 euro eta hirugarrenak 400. Lehenengo aramaioarrak, berriz, 150 euroko saria izango du. 16 urtez azpikoetan (2001ekoak barne), irabazleak 150 euroko bale bat eramango du, pintura materiala erosteko; bigarrenak 100 eurokoa eta hirugarrenak 50 eurokoa.
Urriaren 13tik 16ra ikusgai egongo dira lanak, Sastiñan. Irabazten duten lanen jabego osoa Aramaioko Udalarena izango da. Gainera, honek nahi duen erabilera emango die lanei: erreproduzitu, banatu, hedabide publikoetan zabaldu...
Lehiaketaren antolatzailea –Udala– aurkeztutako lanak zaintzeaz arduratuko da, baina lehiaketan zehar edo ondoren egingo den erakusketan gerta daitezkeen kalteen erantzukizunik ez du izango.
Erakusketa amaitutakoan, autoreek beren lanak jasotzeko aukera izango dute, urriaren 27ra bitartean. Lanak jasotzen ez badituzte, Aramaioko Udaleko ondare izango dira eta ezin izango dute erreklamatu.