Honako puntuak zituen onartutako mozioak:
1. Aramaioko Udalak babesa eta errespetua adierazten dio Kataluniako Parlamentuak burutu nahi duen erreferendumari. Izan ere, libreki adierazitako herritarron borondatea bada tresna politikorik eraginkorrena edozein herri edo kolektiboren etorkizuna eraikitzeko.
2. Aramaioko Udalak errefusatu egiten du Gobernu espainolak zein beste instantziak erreferendumaren, Parlament-aren erabakiaren eta demokraziaren kontra har dezakeen ezein neurri.
3. Aramaioko Udalak dei egiten die euskal herritarrei eta euskal erakundeei Katalunian gauzatuko den erreferendumarekiko jarrera proaktiboa eta errespetuzkoa mantentzera.
Beste hainbat gai
Onartutako beste puntuetako bat izan zen sagardoa egiten den Mendiola eraikuntza egin zuen Construcciones Artzamendi S.A. enpresari fidantza ez itzultzea. Izan ere, arkitektoak egindako txostenak dio bost eraikuntza akats zeudela eta beraz, fidantza ez itzultzea proposatu zion Udalari arkitektoak berak.
Legutioko anbulantziak ere zeresana eman zuen, EH Bilduren Udal Taldeak aurkeztutako mozioaren harira. Laburbilduz, mozio horrek zioen "Legution zaintza egin beharko lukeen anbulantziak, jardunaldi ia osoa Gasteizen egiten duela". Hori dela eta, mozioaren bitartez, Aramaioko Udalak Osasun sailari exijitzen dio "modu urgentean, Gasteizen beharrezkoak diren baliabideak ezarri ditzan kalitatezko zerbitzua bermatzeko eta herrialdeko gainontzeko anbulantziak ez dezatela Gasteizen zerbitzurik eman".
Lierni Altuna alkateak mozioak zionez defendatu zuen. "Geroz eta gutxiago dago eskualdean, gehiago egoten da Gasteiz inguruan. Horrek denboran galera bat dakar eta denbora horretan arriskuak handitu daitezke". EAJk, bere aldetik, adierazi zuen ez dela zerbitzu murrizketarik egon eta guztia normaltasunez funtzionatzen ari dela. "Zorionez, inor ez da anbulantzia zerbitzuaren faltan gelditzen, guztiek jasotzen dute arreta", zehaztu zuen Roman Berriozabal zinegotziak.
Beste hainbat puntu ere onartu zituen udalbatzak, besteak beste, Azkoagatik ur depositura doan bidea konpontzeko diru-laguntza eskatzea eta udal langileen soldataren %1eko igoera –2018ko urtarrilaren 1etik aurrera burutuko da igoera hori, estatuko aurrekontuek hala ahalbidetuta–.