Euskara eskolak jasotzeko matrikulazio epea zabalik dago irailaren 29ra arte

Eneko Azurmendi 2017ko ira. 14a, 15:32
Aramaioko euskara ikasle batzuk.

Ikasturte berriaren hasieran, euskara eskolak antolatu ditu Aramaioko Udalak aurten ere. Kanpaina bateratua egin da Arabako udalen eta kuadrilla guztien artean; irailean zehar egongo da izena emateko aukera eta eskolak urrian hasiko dituzte.

Izen-ematea zabalik dago eta irailean zehar egongo da horretarako aukera. "Izena ematen dutenen profila, ikasle kopurua, eta abar ikusi ostean, gutxi gorabehera, talde bat edo bi osatzen ditugu. Normalean, udaletxean egokitzen dugu gela bat eskolak emateko, eta kultura etxean ere eman izan ditugu. Lehenik, taldea definitzen dugu, eta gero, talde horri egokituko zaion programa bat osatzen saiatzen gara", adierazi du Rosa Mondragonek, Euskara teknikariak.

Azkeneko urteetan bi ikasle talde izan dira martxan, nahiz eta iazko ikasturtean benetan funtzionatu zuena bat izan zen. "Talde egonkorra daukagu. Hauek duela urte batzuk hasi ziren euskara ikasten, nahiko maila baxuan, baina balorazioak adierazten du 4-5 urtetan asko hobetu dutela eta gorakada handia izan dutela. Talde horretan ikasle finkoak daude, urtetik urtera aldatzen ez direnak eta euskara maila aurreratua dutenak. Zazpi pertsona inguru dira, eta nik uste dut horiek jarraitzeko asmoa badaukatela", zehaztu du Mondragonek.

Hala ere, hasiberriei, animatzeko dei egin nahi izan die. "Badakigu Aramaion taldetxo bat dagoela euskaraz ez dakiena, edo ibili izan dena, baina oso euskara maila baxua duena. Eta horiei deialdi berezia egin nahi diegu".

Mintzalagun programa

Azken urteetan zortzi bat lagunek osatutako talde finko bat ari da eta aurten ere jarraituko dute. Udalak programan parte hartzeko dei egin die ikasleei. "Ateak zabalik daude guztiendako. Talde berriak egiteko arazorik ere ez dugu", adierazi du Mondragonek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak