Sastiñako kontzertua kultura etxean izango da gaur, eta gonbidatua, berriz, Eltziegoko Udal Banda. "Gaur egun, 35 bat musikarik osatzen dugu taldea. Adin guztietako jendea daukagu, 12 urteko musikarietatik hasi eta 70 urtekoetaraino", adierazi du Oscar Ruizek, bandako zuzendariak.
130 urte baino gehiagoko historia duen banda da Eltziegokoa eta gaur egun ere "oso indartsu" mantentzen dela adierazi du Ruizek. Azken urteetan, lau zuzendari izan ditu bandak, eta, musikari dagokionez, aldatzen joan da, abesti klasikoetatik –zarzuelak, pasodobleak...– gaur egungoetaraino. "Ez gara genero konkretu batean zentratzen. Denetarik jotzen dugu, klasikoak bai, baina musika modernoagoa ere bai", azpimarratu du zuzendariak.
Kontzertua Arabako Foru Aldundiaren bitartez lotu du Udalak. Izan ere, Aldundiak programa berri bat sortu du, zeinen helburua den musika bandarik ez duten udalerrietara beste banda batzuen kontzertuak eramatea. "Aramaion jotzeko aukera eskaini ziguten eta guk oso pozik hartu genuen eskaintza. Gogo handiz gaude kontzertu hau emateko”, dio Ruizek.
Ez da lehena
Eltziegoko Udal Banda Aramaion izana da duela urte batzuk, eta horren gaineko informazio gehiago kontzertuan bertan emango da. "Historialari bat daukagu taldean eta hark azalduko du duela urte dezente Eltziegoko Udal Banda Aramaion izan zela jotzen. Polita izango da garai haiek gogoratzea eta hori aramaioarrekin partekatzea", adierazi du Ruizek.
Hori dela eta, gerturatzeko dei egin die aramaioarrei: "Kantu ezagunak joko ditugu, kontzertu eramangarria izango da eta ziur gaude gustatuko zaiela. Etortzen dena ez da damutuko".
Hauek dira gaur eskainiko dituzten abestiak:
Sangre de Artista
• J.Teixidor
Duncannon Overture
• James D. Ployhar
The Beatles in Concert
• Lennon and Mc. Cartney-Hautvast
Abba Gold
• Konp. / Arr. Ron Sebregts
Do, Re, Mi
• Richard Rodgers
Nino Bravo en Concierto
• Manuel Calero Garcia