Talde askorekin ibili ondoren, maiatzean kaleratu zuen Iker Martinez oñatiarrak Itzalen mundua bakarkako lehen lana, eta harrezkero gustura ari da zuzenean aurkezten. "Pozik nago. Beldurra nion bakarka aritzeari eta biluztasun horri, baina hasieratik komodo sentitu naiz; nahiko kontziente naiz naizenaz eta eman ahal dudanaz, ez dut espektatiba izugarririk; niretako, ikasteko garaia da, orain... Poliki-poliki gero eta kontzertu hobeak egitea da nire erronka. Abestea asko maite dut, horretaz ere konturatu naiz, eta maite dut, baita ere, aurrean daudenei nire historiatxoak kontatzea", azaldu du Martinezek.
Hiru kontzertu egin ditu dagoeneko: Oñatin, Antzuolan eta Aretxabaletan. "Lehenengoa ekainean, herriko Ona taberna aurrean izan zen, jende gehien egon dena, baina publikoa urrutien sentitu nuena ere bai. Hurrengoak askoz gertukoagoak izan dira, jende gutxiagorekin aurrean, baina arreta jartzen zegoen jendearekin".
Diskoa oraindik ere eskuragarri
Goiena Klubeko bazkideek etxean jaso zuten Itzalen mundua lana, baina, oraindik ere, hainbat tokitan eskura daiteke: Oñatiko Ona eta Boga tabernetan eta Elkar dendetan. "Orokorrean, uste dut gustatu dela diskoa, nahiko jendek geratu nau kalean, ezezagunek ere bai, zoriontzeko".
Lagunak lagunen telonero
Domekako emanaldia berezia izango dela dio: "Jabi Zola lehenengo aldiz izango da taularen gainean eta nire aurretik. Lagun-aguna dut eta historia polita du atzean, bizitza guztian barruan izan eta orain ia 40 urterekin musikan eta sorkuntzan barneratu da, eta asko gustatzen zait nola bizi duen eta nola egiten duen".
Irailaren 22an berriz ere herrian jotzeko aukera izango du Martinezek, oraingoan, Udalaren eskutik, Oñatiko gaztelekuan. "Ikusi egin behar nola aterako den hori ere. Berezia izango da, bai edo bai, nirekin grabatu zuten musikari gehienak han izango direla esan didate-eta, ez taularen gainean, ikusle edo entzule moduan baizik. Ea lortzen dudan jendearenganaino iristea, hori da nire erronka!".