Santixa eguna ospatu ostean, San Esteban jaiak izango dituzte Uribarrin

Ume jolasak, iaz.

Atzo, martitzena, Santixa eguna ospatu zuten Gureia auzoan. Ermitan meza izan zen eta ostean txorizo pintxoak eta salda dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Bitartean, auzoko trikitilariek girotu zuten giroa. Eguraldi eskasa egin zuenez, ezin izan zuten han bazkaldu eta auzoko elkartean egin zuten auzo bazkaria. Bazkalostean, Arantzazu Ruiz de Azuarekin eta Manex Arriolabengoarekin, kantuan ibili ziren guztiak.

San Esteban jaiak Uribarrin

Behin Santixa eguna igarota, San Esteban jaiak ospatuko dituzte Uribarri auzoan, eta asteburu osoko egitaraua prestatu dute. Egubakoitzean hasiko dituzte jaiak. 16:00etan, auzolanean, gauza guztiak prestatuko dituzte, jaiak behar bezala hasteko. Ondoren, 19:30ean, txupinazoa botako dute, kanpai jotzearekin batera eta horren ostean, kantu afaria egongo da, 21:00tan.

Zapatuan, 12:00etan meza egongo da auzoko elizan, Bizente Goikoetxea abesbatzak lagunduta. Ostean, bolo txapelketa egongo da, baita auzo-jira ere, trikitilariekin lagunduta. Arratsaldean, berriz, briska eta mus txapelketa egingo dute, 17:30ean hasita. Horrez gain, umeek ere edukiko dute ondo pasatzeko aukera, jolasekin eta puzgarriekin, 18:00retatik aurrera. Egunari bukaera emateko, 20:00etan, berbapasie egingo dute.

Domekari dagokionez, 12:00etan auzokoen aldeko meza egingo dute, biolin-jole baten eta piano-jole baten emanaldiarekin batera. 13:00etan, briska eta mus txapelketen finalak jokatuko dira eta ostean, sari banaketa egongo da, bolo, briska eta txapelketetako sari banaketa, hain zuzen. Azkenik, 14:30ean, jaiei amaiera emango zaie, txupinaren bitartez.

Alazne Ibabe auzo-alkateak Uribarrira gerturatzeko eta jaietan parte hartzeko deia egin die auzotarrei, zein herritar guztiei.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.