Denborale baten ondorioz, ermitako teilatua apurtu egin zen eta erabilezin geratu zen. Hori ikusita, gotzaitegiak Aramaioko Udalari donatzea erabaki du –bestela eraitsi egin behar zuten–, eta atzoko osoko bilkuran donazio hori onartu zen.
Bestalde, Arabako Foru Aldundiari bi proiektu aurkeztea onartu zuen udalbatzak, Foru Planerako –2018-2019– . Alde batetik, Barajuen auzoko azpiegiturak hobetzeko lanak egitea, eta bestetik, musika etxe bat egokitzea, herrian musikari asko dagoela kontuan hartuta.
Onartu ziren beste puntu batzuk honakoak izan ziren: UE4-IB.08 eremuko lagapenak onartzeko egin beharreko pausuen berri ematea, Arabako Lanak sozietate publikoa desegiteko Foru Aldundiari partizipazioaren itzulketa egitea, Eguneko Zentroaren kontratua urtebetez luzatzea –duela bi urte sinatu zen kontratua eta berritzea eskatzen zuen, eta gizarte langileak aldeko azaldu dira– eta 2017/2 kreditu aldaketa egitea –inbertsio nagusia Subitxoko bidea asfaltatzea izango da–.