Urteetako tradizioari jarraituz, San Juan jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan Aramaioko Azkoaga auzoan. Bertan egiten da herriko San Juan surik herrikoiena. "Tradizio handia dago gure auzoan San Juan suaren bueltan. Baserrietan su asko egiten dira gaurko egunez, baina Aramaion egiten den surik popularrena da Azkoaga auzokoa", adierazi du Juanito Saizar auzo-alkateak. Beraz, esan daiteke herri osoa ordezkatzen duela bertako suak San Juan bezperan. "Ibarratik ere jende asko gerturatzen da sua ikustera. Badago jendea oporrak atzeratu egiten dituena, umeak sua ikustea nahi dutelako. Jende asko batzen da urtero suaren bueltan", azaldu du Saizarrek.
Azkoagako plazatik Santa Agedatxo ermitara kalejiratxo bat egingo dute –150 metro inguru–, ohiturari jarraituz, eta bertan egingo dute sua.
Sorginaren debatea
Duela 35 urte inguru hasi ziren kalejiran sorgin bat eramaten, eta ondoren erre egin izan dute, San Juan suan. Hala ere, auzoan debatea ekarri duen gaia izan da, eta aurten ez erretzea erabaki dute. "Iaz entzuten hasi ginen inkisizio garaia aspaldi pasatu zela eta sorgin bat erretzeak mezu negatiboa ematen duela. Urte osoan debate hori izan dugu, eta, beste aukerarik aurkitu ez dugunez, sorgina eraman egingo dugu, baina erre gabe, izan dezakeen balizko mezu negatibo hori ekiditeko eta kontzientzia hartzen goazela erakusteko", nabarmendu du Saizarrek.
Asteburu osoko festa
San Juan egunaren bueltako festa izaten da Azkoagakoa, eta, alkatearen esanetan, "urteko jairik garrantzitsuena" da auzotarrentzako. Hala, gaurkoaz gain, bihar eta etzi ere hainbat ekintza egongo dira. Gaur makala altxatuz emango diete hasiera jaiei, eta bihar, zapatua, ekintza nagusia herri afaria izango da. Azken urteetan, gainera, kantu afari bihurtu da afari hau, eta, liburuxka batzuekin, kantatuz afaltzen dute. Saizarrek onartu du afari hau harremanak eguneratzeko eta sendotzeko baliatzen dutela. Bertan parte hartzeko, 661 27 63 60 telefonora deitu beharko da aurrez (Saizar). "Komeni zaigu jakitea zenbat izango garen; beraz, ahal izanez gero, aurrez izena ematea gustatuko litzaiguke", dio.
Azkenik, asteburu honetan Azkoaga auzora hurbiltzea eta jaietan murgiltzea eskatu die auzo-alkateak auzotarrei, herritarrei, baita kanpotik bertaratu gura duen edonori ere.