Arrakastatsuak izan dira Papargorriren zozketak

Garazi Kortabarria, Garazi Kortazar, Idoia Asurmendi eta Angel Mari Lopez de Bergara izan dira Papargorri abesbatzak antolatutako zozketako lau sarituak; argazkietan ikus daitekeenez, Aramaioko produktuekin osaturiko saski bat eraman dute etxera lauek.

Papargorri abesbatzak zozketa bat antolatu du maiatzean, taldeari laguntza ekonomiko bat emateko helburuarekin, egubakoitzero ONCEko kupoian irtendako azken hiru zifrak Aramaioko produktuz osatutako saski batekin sarituz. "Kostatu ere egiten zaigu abesbatza aurrera ateratzea, izan ere, haurrei ez diegu kobratu nahi abesbatzan aritzeagatik eta horregatik egiten ditugu zozketa hauek. Ez dugu diru askorik lortzen, diru gehiena saritara bideratzen delako, baina herritarrak animatzen dira eta umeei ere ilusioa egiten diete sarituak egoteak", azaldu du Blanca Mendialduak, abesbatzako lehendakari eta bultzatzaileak.

Hala, maiatzaren 5ean 133 izan zen zenbaki saritua eta saskia Garazi Kortabarriarentzat izan zen; maiatzaren 12an, Garazi Kortazarrek eraman zuen saskia, 702 zenbakiarekin; 19ko zozketan Idoia Asurmendi izan zen saritua, 324 zenbakiarekin, eta azkenik, pasa den egubakoitzean,  Angel Mari Lopez de Bergarak jaso zuen saskia, 441 zenbaki sarituarekin.

Hamabost urte

Duela hamabost urte sortu zen Papargorri abesbatza Aramaion, eta ordutik herriko abeslarien "harrobi" lana egiten duela esan daiteke. "Ondo ikasi dute abesten eta ikasitakoa oso aberasgarria gertatzen ari zaie orain. Bizi guztirako gelditzen zaie hori eta gure ekintzarik inportanteena hor dago", adierazi du Mendialduak. Izan ere, 7-8 urterekin hasten dira haurrak abesbatzan, baina nerabezaroan, gehienek utzi egiten dute. "Jende askok abesbatza uzten du, baina zoragarri kantatuz irteten dira hemendik. Batzuk rock taldeetara joaten dira, beste batzuk trikitixa taldeetara, kantu klasikoari ere heltzen diote beste batzuek... denetarik dago eta oro har, emaitza polita da", azaldu du Mendialduak. Abesbatzatik pasatutako batzuk modu profesionalean dihardutela ere nabarmendu du lehendakariak.

Gaur egun, 25-30 ikasle inguru ari dira Papargorrin, nahiz eta, Mendialduak adierazi duen moduan, nahiko zifra ezegonkorra den hori. Hiru taldetan banatuta daude ikasleak.

Jaietako emanaldia

Ekainaren 29an, San Martin jaiak hasi baino egun bat lehenago, emanaldia eskainiko du Papargorri abesbatzak, kultura etxean. "Iaz probatu genuen jaiak hasi baino lehenago egitea, lasaiago ibiltzeko. Jendeari gustatu egin zitzaion eta aurten ere horrela egingo dugu".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.