Aramaiok hartuko du Rio de Janeiroren lekukoa

Eneko Azurmendi 2017ko mai. 26a, 11:09

Aramaion "argazkiak islatzen duena baino kirolzale gehiago" daudela ohartarazi nahi izan du Udalak.

Maider Unda "herriko alaba kuttuna" omentzeko asmotan, olinpiadak antolatu ditu Aramaioko Udalak, herriko kirol talde ezberdinen kolaborazioarekin; bihar, zapatua, hasiko dira olinpiadok Leintz Eskola Kiroleko jaiarekin, eta abenduan bukatuko.

Bihartik urte amaierara bitartean, hainbat kirol ekintza egingo dira herrian, eta, olinpiadei bukaera emateko, borroka libre erakustaldia egingo dute abenduan, Maider Unda borrokalari ohiari omenaldia egitearekin batera.

Keinu horrekin, Undaren kirol ibilbide profesional oparoa aitortu eta goraipatu gura du Aramaioko Udalak, "olinpiadetan, estatu mailan zein Europan izan dituen lorpenak", hain zuzen. Udalaren esanetan, "momentu oro harrotasunez  eraman ditu Oleta eta Aramaio izenak munduan barrena", eta hori eskertu nahi du olinpiada hauen bitartez. Horrez gain, Undak beti erakutsi izan dituen "ahalegina, diziplina, esfortzua eta sakrifizioa" balioan jarri nahi izan dira olinpiada horiekin, baita emakume baserritar kontzeptua ere.
Udalak azpimarratu nahi izan du, goi mailara iritsi arren, "umiltasunez betiko balioak zaindu eta begirunez errespetatu" dituela aramaioarrak.

Herriaren babesa

Beste modu batean ezin zitekeen bezala, herriaren babesa izan dute olinpiadok. Horregatik, abendura bitartean egingo diren ekintza oro herritarrekin partekatu nahi ditu Udalak.

Antolakuntzari dagokionez, herriko kirol talde ezberdinen kolaborazioarekin eraman ahal izan dira aurrera olinpiada hauek: Pilota taldea, Leintz Eskola Kirola, Hockey taldea, Orixol mendi elkartea, Ointxe saskibaloi taldea, eta abar. Udalaren esanetan, "talde guztiek erakutsi dute prestutasuna eta hauei esker osatu da egitarau oparoa".

Kirolzaletasunari bultzada

Protagonista nagusia Maider Unda izango den arren, olinpiada hauek badute beste helburu garrantzitsu bat: herriko talde hauetan egiten den lana kalera atera eta ezagutzera ematea, baita kirola egiteko zaletasuna bultzatzea ere. Udalak ohartarazi du kirola egiteko adinik ez dagoela osasungarria dela, "zentzu zabalean". Hori dela eta, herritarrei dei egin die gustuko duten kirola praktikatu dezaten.

Egitaraua

Bihar, zapatua, Leintz Eskola Kiroleko ikasturte amaierako jaiak emango die hasiera olinpiadei. Ondorengo hilabeteetan, berriz, mus eta briska txapelketak, hockey erakustaldia, ping-pong txapelketa, sokatira, mendiko bizikleta, mendi martxa, eskubaloia, pilota, frontenisa eta borroka librea izango dira, besteak, beste, egingo diren kirol ekintzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak