"Ikastaro parte-hartzaile bat egingo dugu, teoria zein praktika landuz"

Eneko Azurmendi 2017ko mai. 5a, 09:40

Jon Etxeandia.

Lorabarri Asteari hasiera emango dion ekintza garagardo ikastaroa izango da. Jon Etxeandiak emango du, hain zuzen ere, bihar, zapatua, 10:00etatik 14:00etara, Sastiñan. Garagardoa modu sinplean egiten ikasteko aukera aparta dela adierazi du hark, bertan egiteko aukera egongo delako.

Zer da, zehazki, ikastaroan egingo duzuena? Nola planteatzen duzu horrelako ikastaro bat?

Oso praktikoa izango da. Helburua da jendea animatzea garagardoa etxean egin dezan. Beraz, nire ustez, ariketa onena da garagardoa bertan egitea, guztien aurrean. Hala, ikusi egiten dute nola egiten den. Soilik teoria azaltzen baduzu, askoz ere zailagoa da.  

Teoria eta praktika, beraz.

Hori da. Interesgarriagoa da, teoria azaltzen zoazen heinean, garagardoa egiten joatea. Ikastaro parte-hartzailea izango da eta lotea guztion artean egingo dugu. Normalean, nik egiten dudana da ikastaroa jasotzen dutenak borobilean jarri egosketaren inguruan, eta apurka-apurka azaltzen eta egiten joan  zer egiten ari garen eta zergatik. Horrez gain, ze beste aukera egon litezkeen ere azaltzen diet.

Zuk zeuk zer-nolako esperientzia daukazu horrelako ikastaroak ematen?

Lantokian (Urduliz, Bizkaia) bertan hilabetean behin  ematen ditugu ikastaroak. Horrez gain, lantokitik kanpo ere bai, proposamenak jasotzen ditugunean. Zazpi urte dira dagoeneko halako ikastaroak ematen ditudala; beraz, esperientzia apur bat, behintzat, badut.

Oro har, jendearen erantzuna zein izaten da? Gustura gelditzen dira?

Ikastaro hauek bete egiten dira beti. Talde txikiak izaten saiatzen gara; izan ere, ikastaro sakona da, lau ordu irauten du. Horregatik, plazak mugatu egiten ditugu, errazagoa delako bai irakastea, baita ikastea ere. Jendea, orokorrean, pozikirteten da ikastarotik eta batzuk, gainera, saiatu egiten dira etxean garagardoa egiten.

Zer zailtasun ditu garagardoa egiteak, zure ustez?

Laburki, helburua da garagarretik azukrea lortzea. Garagardoa egiteko zailtasun bakarra osagaiak lortzean dagoela esango nuke. Behin hori konponduta, oso erraza da. Gaur egun, Interneti esker, gauzak asko erraztu dira.

Labur azalduta, zein da garagardoa egiteko prozesua?

Lehenengo helburua, azukrea lortzea, beroarekin lortzen dugu.  Beraz, garagar aleak txikitu eta berotu egingo ditugu; izan ere, berez bihurtzen da azukre. Ondoren, iragazi, hau da, ura eta hondakinak bereizi. Ur hori ordubetez egosi berriro eta badaukagu lehenengo mostoa.

Zenbat garagardo mota egiten dituzue zuek?

Gure espezialitatea garagardo desberdin asko egitea da. Azoka askotara joaten gara, lantokian bertan ere saltzen dugu garagardoa. Beraz, oso erraz daukagu garagardo mota ezberdinak egitea. Baina gurea kasu berezia dela esango nuke; izan ere, normalean, ekoizpen handia duenak lau edo bost garagardo desberdin egiten ditu gehienez eta guk 20-25 inguru baditugu. Baina arraroa da hori.

Asko dira, ezta?

Bai. Salmenta zuzena egiten duzunean, jendeari garagardo mota diferenteak probatzea gustatzen zaio.

Eta ikastaroetan zenbat zerbeza mota egiten irakasten duzue?

Niri, bi egitea gustatzen zait, baina lantegitik kanpo emandako ikastaroetan zailagoa da hori, denbora, azalpenak eta beste hainbat faktore direla eta. Baina lantegian bertan bai gustatzen zait bi egitea, teknika desberdinak erabiliz eta azalpenak behar diren moduan emanaz. Biharkoari begira, saiatuko naiz bi egiten, baina konplikatua izango da. Ondoren, hala ere, mokadutxoa izango dugu.

Zein motatako garagardoa izango da bihar erakutsiko duzuna?

Nik beti esaten dut errazenetik hastea dela onena. Hala, konparatzeko ere errazagoa da. Gaur egun badaude fruituak eta beste hainbat berezitasun dituzten garagardoak, baina horiek askoz zailagoak dira konparatzeko eta garagardoa bera ona den jakiteko. Beraz, garagardo horia edo gorria egingo dugu bihar.

Gehien edaten direnak horiek al dira?

Guk gehien gorria saltzen dugu, baina, orokorrean, gehien edaten dena horia dela esango nuke.

Aramaion eman al duzu ikastarorik inoiz?

Lehenengo aldia izango da biharkoa. Proposamena jaso genuen, eta, normalean, horren urruti ez dugu egiten. Baina familiarekin komentatu nuen, eta, ikastaroa emateaz gain, eguna bertan igaroko dugu, irteera polita iruditu zaigulako. Gainera, beste ekintza batzuk ere badaude; beraz, gustura joango gara.

Nola salduko zenieke biharko ikastaroa parte hartuko dutenei?

Aukera paregabea da garagardo mundua gertutik ezagutu eta garagardoa bera egiten ikasteko. Gainera, jendeari ikasitakoa etxean probatzeko gomendatuko nioke, erraza eta merkea delako

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak