Poliomilitisaren ondorioak jasan dituztenen aldeko mozioa onartu du Aramaioko Udalak

Atzo, eguena, egin zuten apirileko osoko bilkura.

Euskadiko Polio Elkarteak proposatuta, atzoko osoko bilkuran aurkeztu zen poliomilitisak jota izan ziren eta gaur egin ondorio berantiar edo post-polio sindromea jasaten ari diren lagunentzako sostengu mozioa, eta aho batez onartu zuen udalbatzak.

Eusko Legebiltzarreko talde guztiek pasa den urte bukaera aldera onartu zuten post-polio sindromeak jota daudenen arretarako ez legezko proposamenaren Trantsazioko Zuzenketa aurkeztea.

Hala, mozio honen bitartez, Euskadiko Polio Elkarteak Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari zenbait eskaera egiten dio.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, sindrome hau gaixotasun arraroen kodean sar dezala, gaixotasun arraro gisa kontsideratuta dagoelako.

Espainiako Gobernuari eskatzen dio, batetik, kontsidera dezala sindrome hau mintsu eta gaitasun ezaren eragile dela, era berean, ezgaitasunen balorazio sisteman sartuaz; bestetik, Errege Dekretuko lehenengo artikulua alda dezala. Izan ere, bertan erregulatzen da ezgaitasuna duten langileen erretiroa. Era berean, eskatzen da erretiratzeko garaian, %45eko ezintasuna edukitzea –sendagile baten txostenak babestuta– nahikoa izatea.

Gainontzekoa ere onartuta

Aipatutako mozioaz gain, beste hainbat puntu ere onartu ziren atzoko osoko bilkuran. Hala nola, martxoaren 30ean egindako osoko bilkurako akta –2017ko aurrekontua onartu zen bertan– eta Gureia auzoko euri urak bereizten dituen saneamendu sarea, elektrizitate, kale argiteria eta telefono kanalizazioak eta zoladura gauzatzeko lanei dagozkien lehenengo ziurtagiria.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.