Datorren maiatzaren 6tik 13ra bitartean egingo dute Lorabarri astea, lehen sektorea oinarritzat duten hainbat ekintzaz osatuta. "Elikadura burujabetza, kontsumo arduratsua eta beste nolabaiteko alternatibak lantzen saiatzen gara. Batez ere, herri jakintza eta lehen sektoreari loturiko ohitura eta lanak ezagutzera ematea eta horiek transmititzea da helburua", adierazi du Irati Mujikak, antolakuntzako kideak, eta gaineratu du "horretan" oinarritzen direla egitaraua antolatzeko orduan.
Mujikak azpimarratu gura izan du elkarlanetik abiatutako ekimena dela Lorabarri Astea. "Aramailur kontsumo elkarteak herriko beste talde batzuekin elkarlanean sortzen duen egitaraua da: Guraso Elkartea, Jubilatuen Elkartea, Udalaren laguntza eta babesa ere badaukagu... Elkarlanetik sortua eta antolatua da", azaldu du.
Mota guztietako publikoari zuzendutako ekintzak egongo dira. Urtero moduan, azoka izango da ekintza nagusia, eta gainontzeko ekintzak desberdinak izango dira. "Hasieratik saiatu izan gara gai ezberdinak lantzen eta publiko desberdinarentzat erakargarri izan daitekeen eskaintza prestatzen", azaldu du antolakuntzako kideak. Eskaintza horrekin, "herritarrek dauzkaten jakintzak plazaratzeko" aprobetxatzen dutela dio Mujikak, baita kanpotik etorritako zenbaiten jakintzak plazaratzeko ere.
Aramaioarrei zein kanpotarrei
Nagusiki aramaioarrei zuzenduta badago ere, inguruko herrietako jendea gerturatzea gustatuko litzaieke antolatzaileei. "Noski, interes handiena herrian bertan jartzen dugu, hemen zabaltzeko, baina, betiere, saiatzen gara eskualdera eta inguruko herrietara zabaltzen. Ekintza guztiak dira irekiak eta edozeinek parte hartzeko modukoak", zehaztu du Mujikak.
Bosgarren urtez
Duela bost urte antolatu zen lehenengoz Lorabarri Astea eta urtetik urtera "egonkortuz" doan zerbait dela nabarmendu du Mujikak. " Jendeak badaki maiatzean egitarau hau egongo dela. Erreferentzia puntu nagusia azoka dela esango nuke, nahiz eta egiten diren ekintza ezberdinek ere pisua duten".
Garagardo ikastaroa
Lehenengo ekintza Garagardo ikastaroa izango da. Maiatzaren 6an egingo dute, Sastiñan. "Lau orduko ikastaroa da, teorikoa eta praktikoa. Garagardoa egingo da eta garagardo desberdinak probatzeko aukera egongo da", Mujikaren hitzetan.
Parte hartzeko, aurrez eman beharko da izena, plazak mugatuak dira eta. Horretarako, aramailurkt@gmail.com helbidera idatzi edota 688 69 57 63 telefonora deitu beharko da. Ordainketa, 10 euro, egunean bertan egingo da.
Hona hemen egitaraua:
- MAIATZAK 6 zapatua: garagardo ikastaroa
10:00-14:00 Sastiñan
Etxean ditugun baliabideekin edo era errazean moldatu ditzakegun gailuekin garagardoa egingo dugu. Horretarako denon artean garagardo lote txiki bat egingo dugu ETXEANDIA garagardotegiaren eskutik.
Ikastaroan dirauen bitartean garagardo dastaketa bat egingo da, mokadutxo batekin lagunduta.
Izen-ematea: plaza mugatuak izango dira. aramailurkt@gmail.com /
688695763
Ordainketa: 10 €, egunean bertan egingo da. - MAIATZAK 7 domeka: belar meta
10:00 PARKEAN
Guraso elkarteak antolaturik belar meta egingo da haurrekin. - MAIATZAK 9 martizena: buztin tailerra
14:00-16:00 eskolako haurrekin
17:00-19:00 JUBILATUEN ELKARTEAN
Sane Fisioterapiako lagunak etorriko dira buztinak, naturak oparitu digun mirari honek, eguneroko bizitzan aurkitzen ditugun osasun arazo askori aurre egiteko ze baliabide eskaintzen dituen azaltzeko.
Tailer honetan buztinaren erabilpen terapeutikoak ikasiko ditugu. Baita beronen prestatze, emate eta gordetzeko modurik egokienak ere.
Oinarrizko ezagutza hauetaz baliatuz edozein estutasuni aurre egingo diogu, batez ere haurrak badituzu. Buztinarekin etxean ia beti izan ohi dugun botikinaz ahaztu ahal izango gara. - MAIATZAK 10 eguaztena: Ortu eta baso bioanitzen onurak
19:00 Sastiñan
Iñaki Etxebeste biologoaren eskutik aurkezpen-tertulia. - MAIATZAK 11 eguena: Altza Porru
18:00 Sastiñan
Jakoba Errekondo, Joseba Larratxe “Joxevisky” eta “Mattin” Martiarenaren eskutik KomikHitzaldia.
Jakobak ematen dituen landareei buruzko azalpenen inguruan sortuko ditu bere irudiak Joxeviskyk eta Mattinek bat-batean eta publikoaren bistan.
0-100 urte bitarteko adina dutenentzat oso gomendagarria, umorerako eta zirikarako tartea eta herritarrek ortuari buruzko jakingaiak landuko dituzte. - MAIATZAK 13 zapatua: Lorabarri azoka
11:00-14:00 Bixente Goikoetxea plazan Aramaioko eta Bizkaiko ekoizleak