Apirilaren 1ean jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketako final handia, Gasteizen, eta aramaioarrek presentzia nabarmena izango dute. Xabi Igoa eta Manex Agirre dira txapelaren borrokan ibiliko diren bertsolari aramaioarrak. Hirugarren bat ere aipatzekoa da; izan ere, Iñaki Viñaspre Aramaioko Bertso Eskolan hezitakoa da, aramaioarra ez den arren.
Hain zuzen ere, Aramaioko Bertso Eskolak egiten duen lana nabarmendu dute finalera iritsi diren bi herritarrek. Agirrek dio oinarrizkoa dela atzean talde bat edukitzea. "Bertso eskolaren lana da gakoa. Txapelketan banaka aritzen gara, baina atzetik lagun talde handi bat daukagu, eta, hori guztia ez badago atzetik, asko nabaritzen da. Zentzu horretan, pribilegiatuak gara Aramaion, oso talde finkoa, homogeneoa eta aktiboa dugulako". Igoak, berriz, taldearen dinamika jarri nahi izan du balioan. "Orain urte batzuk lan dinamika bat jarri genuen martxan eta gaur egun, mantendu edo areagotu egin dugula esango nuke.Txapelketa ona egin dugu, oro har, Aramaioko eskolan gabiltzan guztiok, eta hori atzeko lanaren adierazle da".
Izan ere, Aramaioko Bertso Eskolako zortzi kideak lehenengo hamabi postuetan sailkatu dira azken sailkapenean.
Gainera, eskola "osasuntsu eta indartsu" dagoela nabarmendu dute bi finalistek. Agirreren esanetan, hutsetik hasi zen bertso eskola, duela ia hogei urte. "Ahalegin handia egin zen ahalik eta jende gehien batzeko, baina iritsi zen momentu bat gure neurria aurkitu geniona eta mantendu egin duguna. Hala, momentu honetan oso indartsu eta osasuntsu dago, helduen taldea oso aktiboa da eta umeak eta gaztetxoak ere badatoz". Igoak, berriz, adierazi du belaunaldiz belaunaldi eskola "bizirik eta maila onean" ikustea pozgarria dela. "Peru eta Paula nire ikasle izan ziren eta ni, berriz, Manexen ikasle izan naiz. Hori mantentzen dela ikustea gauza ederra da", azaldu du.
Finalera begira, biak gogotsu
Agirrek adierazi du ez dela izan bere txapelketarik onena. "Txapelketan ez dut oso ondo pasatu, deseroso eta ezinegon batekin moduan aritu naiz. Horregatik, finala iristeko gogotsu nago, arantza hori kendu eta maila ona emateko gogoz, oholtza gainean disfrutatu ahal izateko".
Igoak ere saio ona egin nahi du: "Gazteak ere bagatozela aldarrikatzeko eta frogatzeko nire izena finalean bigarren aldiz ikustea kasualitatea ez dela izan".