Aramaion esku pilota indartsu dago, bertako pilota elkartean egiten den lan dela eta. Horren erakusle da, bi pilotari aramaioarrek txapela janzteko aukerak izango dituztela bihar.
Julen Olaizolaren kasuan, Zizur Nagusiko lau t’erdiko txapelketa ospetsuko finala jokatuko du. Bere onenak eman behar izan ditu azken koxkara heltzeko, partidu latzak gaindituz. Bihar goizean, Ioritz Arbaiza orozkoarra gainditu beharko txapeldun izateko.
"Pentsatzen nuena baino okerrago hasi nintzen. Partiduak errazagoak izango zirela uste nuen. Beasaindarraren kontra ez nintzen oso fin ibili, baina irabaztea lortu nuen. Baina finalerdia nahiko ondo jokatu nuen, eta ondo heltzen naiz finalera" azaldu du Olaizolak.
Jon Herrarte aldiz, trinkete kategorian aritu da. Gasteizen entrenatzen du, eta bertan jokatuko bihar, Arabako Trinkete Txapelketako gazte mailako finala, Laudioko bikotearekin. Ez dute lan erraza izango, garaitzeko zaila izango den bikote gasteiztarraren aurka.
"Partidu gehinak irabazita heltzen gara finalera, eta gogotsu nago biharko finalera begira. Aurrean Zaramaga Pilota Taldeko bikotea izango dugu. Euren aurka jokatu genuenean irabazi egin gintuzten, beraz, ea oraingoan irabazteko gai garen".
Xabi Herrarte Aramaioko Pilota Elkarteko koordinatzailea da, eta hala mintzatu da esku pilotak herrian duen osasun mailari buruz. "25 partaide daude Aramaioko Pilota Elkartea, tartean bi neska ere bai. 7urteko aurre benjaminetatik, senior mailaraino. Taldea osasuntsu dagoela esan daiteke, eta Araban zein Bizkaian maila polita emanez gainera"