Domekan 40 urte beteko dira Tellamendiko gurutzea berriz altxatu zutela. 1977ko urtarrilaren 1ean lehergailu bidez eraitsi zuen Guardia Zibilak, ikurrina berriz jarriz gero, gurutzea botako zutenaren mehatxua betez. Haserrea eta amorrua Aramaion osoan hedatu ziren, baina horiek onerako baliatuz, hiru hilabeteko epean berriz jarri zuten.
Balentria gogoratuz
Aramaioko Udaletik adierazi dutenez, urteak daramatzate gertakari hura gogoratzeko, eta belaunaldi berriei duela 40 urte gertatukoa irakasteko zerbait egiteko nahian.
Horretarako urtarrilean batzorde ireki bat eratu zuten, kutsu politikorik gabekoa. Bi batzar egin ondoren, domeka honetarako Tellamendira irteera antolatu dute.
10:00etan abiatuko dira plazatik, eta 11:30ean ekitaldia egingo dute gurutzean. Ikurrina jarriko dute, ondoren bertsolariek kopla batzuk eskainiko dituzte, eta amaitzeko 1977. urtean Sabin Salaberrik gertatutakoa gogoratzeko konposatutako Belamendiko gurutzea kanta abestuko dute. Alaiak Elkarteko kantu tailerrekoek gogotsu prestatu duten kantua da, eta zapatuan Tellamendin izango dira ozen abesteko asmoz.
Gertatutako dokumentatzen
Duela 40 urteko gertatutakoa dokumentatzeko aldizkari antzeko bat prestatzen ari da Sabin Aranburu. "Historia ikasten nabil, eta garaiko protagonisten testigantzak jasotzeko enkargua pasa zidaten, ondoren aldizkari formatuan kaleratzeko. Herriko gazteei gertatukoa azaltzeko modu aproposa izan daiteke".