Paula Amilburu hirutik hiru lortzetik gertu Dulantziko saioan

Xabi Gorostidi 2017ko ots. 20a, 08:49
Irudia: www.bertsozale.eus

Atzo jokatu zen 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketako hirugarren finalaurrekoa, lehen itzuliko azkena. Paula Amilburuk lan txukuna egin zuen, hirugarren geratu baitzen irabazlearengandik 2,5 puntu eskasera. Meritu handiko 235 puntu eskuratu zituen, kontuan izanda amigdala ebakuntza egin eta bi astera abestu duela.

Dulantziko kantaldiaren aurretik, beste edizio batzuetan baino motibazio gutxiagorekin zegoela aitortu arren, txukun aritu zen Paula Amilburu atzoko finalaurrekoan.

Asier Otamendi gasteiztarra izan zen atzoko irabazlea 237,5 punturekin, bigarren Oihane Perea 235,5ekin, eta hirugarren Paula, 235ekin. Garaipena ezinezkotzat jotzen zuen saioa hasi aurretik, eta bere onenak emanez gero hirugarren postua lortzea nahikoa litzatekeela adierazi zuen atzoko saioaren ataritan. Bete-betean asmatu zuen iragarpenarekin, eta lehen eta bigarren postuak atzamarrekin ukitzeko moduan amaitu zuen.

"Ahots aldetik ondo heldu nintzen. Ebakuntza zela eta, ez nekien saio oso bat eusteko gai izango nintzen. Baina astearteko bertso eskolako saioan ondo igarri nuen eztarria eta domekan ez zidan arazorik eman. Beldurtuta hasi nuen saioa, baina agurra botatzeaz bat lasaitua hartu nuen, eta oso gustura aritu nintzen oholtza gainean. Ez nion arreta gehiegirik jarri besteek egiten zutenari eta nirea ondo egiten zentratu nintzen. Asko gozatu nuen bakarkako ariketan, eta saioa amaitzean oso pozik nengoen, nire aurretik geratu ziren bi bertsolari handiengandik hain gertu amaitzeagatik. Egia esan, ez nuen espero" adierazi du Paula Amilburuk.

Aipatzea, Lierni Altuna alkatea izan zela atzoko saioko gai-jartzailea.

Pozik egoteko moduko lehen itzulia

Atzoko saioarekin itxi zen aurtengo Txapelketako fase finaleko lehen itzulia, eta erabakita geratu dira hurrengo hiru finalerdietako plazetan nortzuk abestuko duten.

Lehen hiru saioek, bi garaipen, bi hirugarren postu eta laugarren eta bosgarren postu bana utzi dituzte Aramaioko bertsolarientzat. Itxaropentsu egoteko moduko emaitzak dira, baina hurrengo hiru finalaurrekoen aurretik ez dago ezer erabakita.

Martxoaren 4an egingo da bigarren itzuliko lehen saioa Legution, eta bertan arituko dira Manex eta Iker Agirre, Peru Abarrategi eta baita euren eskola kide den Iñaki Viñaspre gasteiztarra ere. Hurrengo zapatuan Xabi Igoa eta Paula Amilburuk abestuko dute Laudion, eta Aramaion jokatuko den azken finalaurrekoan Andere Arriolabengoak abestuko du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak