Sarri sarri, Aitormena, Maite zaitut edota Neguan joan da ta kantuak entzun ahal izan ziren, besteak beste, Demode Quartet taldearen emanaldian. Hori bai, kantu horien bertsio bereziak eskaini zituzten lau protagonistek, eta hainbat estilotan entzun ahal izan ziren kantuak: country, reggae edota estilo afrikarrean, esaterako.
Umore ukituz betetako emanaldia izan zen eskaini zuten EPA ikuskizuna eta ordu eta erdi inguruko iraupena izan zuen.
Bertaratu ziren herritarrak "gustura" egon zirela esan du Txirritola elkarteko Rosa Mondragonek eta ikuskizunak merezi izan zuela gaineratu du: "Oso ondo egon da, oso arrakastatsua izan da. 80 lagun inguru etorri dira eta merezi izan du, nahiz eta Txirritolarendako esfortzu handia izan den".
Demode Quartet taldeko kideak ere oso gustura egon zirela esan dute: "Oso gustura egon gara, leku txikia baina atsegina izan da eta publikoarekin ere oso gustura sentitu gara", adierazi du taldeko Joli Pascualenak.
Saioaren bukaeran gainera, Demode Quartet taldeko kideek diskoak salgai jarri zituzten, eta hainbat herritarrek erosi zituzten euren lanak. Disko horiek sinatu ere egin zituzten eta bertaratutako herritarrek artistekin argazkiak ateratzeko aukera ere izan zuten emanaldiaren ostean.