Hona hemen Aramaioko EAJk egindako prentsa-oharra eta irteerako kartela:
"Laster batean, abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean urteurren jakina beteko da: Tellamendiko gurutzean ikurrina jarri eta, orduetara, gurutzea bera eraitsi edo lurrera bota izanaren 40. urteurrena hain zuzen. Gurutzea eta ikurrina lurrera bota izana zerbaiten adierazgarri izan zen: aramaioarrontzat hain gogokoak eta begirunekoak diren bi ikurrekiko amorrua eta ankerkeria.
Jakinekoa denez, Tellamendiko gurutzea gazte lerden eta saiatu batzuen emaitza eta lekukoa da. 1935ean, Jose Mari Azkarraga “Lurgorri” buru zutelarik, gazte horiek gurutzea jaso zuen gailurrean. Handik eta lasterrera, gazte berberok euskal aberriaren aldeko erabateko apustua egin zuten, bere onena, bizitza tartean, emanaz. Hori dela-eta, lehen, orain eta beti, Tellamendiko gurutzea Aramaioko herriak gazte haiei
zuzenduriko omenaldia izango da. Ikurrina gure herriaren ezaugarri adierazgarrienetarikoa da.
Iragan hurbilean ere, bazuen esanahi jakina gutariko askorentzat: herriak nahi zuen eta eskatzen zuen
askatasunaren ikurra zen, euskal aberriaren ikurra zen. Ondo baino hobeto zekiten hori gurutzea lurrera bota zutenek. Hala ere, ondo baino hobeto ikusi zuten herritarren berehalako erantzuna: hiru hilabeteko epean berriro jarri zen zutik gurutzea.
Gertakizunon 40. urteurrena dela-eta, Aramaioko EAJak honako hau adierazi eta erakutsi nahi die aramaioar guztiei:
1.- Tellamendiko gurutzearen izaerari eta, aldi berean, ikurrinari dien begirunea.
2.- Gurutzea jaso eta, handik lasterrera, bere onena Aberriari eman zioten gazteekiko begirunea.
Aramaion, 2016ko abenduaren 26an".