Ez aspertzeko moduko egitaraua Gabonetarako

Xabi Gorostidi 2016ko abe. 21a, 17:22

Egitarau mamitsua prestatu du Udalak herriko eragileekin elkarlanean, Gabonetan Aramaiotik irten gabe askotariko ekitaldiez gozatzeko. Besteak beste, kosmetika eta elikadura tailerrak, eta batez ere, umeentzako askotariko hitzorduak izango dira.

Gustu eta adin guztietarako egitaraua izango da Aramaion Gabonetako oporraldia ahalik ea gehien aprobetxatzeko.

Helduentzako aukerak

Lehenik eta behin, gaur, egubakoitza, Igelak euskal pelikula euskaldunaren proiekzioa egingo da Kultura Etxean, 22:00etan.  Patxo Telleriak zuzendutako filmak harrera oso ona izan du publikoarengan, eta herrian bertan ikusteko aukera izango da.

Bihar, Guraso Elkarteak antolatutako Olentzeroren etorrera egingo da 18:00etan. Abenduaren 26an, astelehena, kosmetika natural tailerra izango da Jubilatuen Elkartean. Itur Zuri Emakumeen elkarteak antolatu du eta hiru orduko saiotxoa izango da.

Ezin ahaztu gabe utzi abenduaren 30eko Gabonetako bertso saioa. Hurrengo orrialdean dago informazio zehatzagoa, baina puntako bertsolariak herrikoekin batera ikusteko aukera izango da bertan. Hitzordua Kultura Etxean 22:30ean.

Urteko azken egunean, lagun ezkutua eta urteari ongi etorria emateko txin-txina antolatu du Gazte Asanbladak, eta urtarrilaren 1ean, Orixolera mendi irteera egingo da, urtea osasuntsu hasi nahi dutenentzako. Aipatu beharrekoa da, 40 urte beteko direla Tellamendi gurutzea bota zutenetik.

Umeak egitarauko protagonista

Helduen ekintzak zerrendatzen hasi arren, egitarauko ekintza gehienak umeentzat zuzendutakoak dira. Besteak beste tailerrak, puzgarriak, dantzarako saioak eta Bilbora irteerak izango dira.

Abenduaren 24ko Olentzeroren etorreraren ondoren, Gozogintza osasungarria deituriko sukaldaritza tailerra egingo da abenduaren 25eko goizean. Plaza mugatuak izango direnez, abenduaren 22a baino lehen egin beharko da izen ematea.

Hurrengo tailerra 27an izango da, eta Ludotekan Gabonetako Pop up txartelak egingo dituzte. Hilaren 28an ipuin musikatuen txanda izango da. Bi saio izango dira, lehena 2 eta 6 urteko haurrentzako, eta jarraian 7 urtetik gorakoentzako. 29an, eguena, irteera antolatu dute Bilboko PINera. Abenduaren 27a baino lehen eman beharko da izena, eta zortzi euroko kostua izango du. 10 urtetik beherakoek nagusi batek lagunduta joan beharko dute.

Abenduaren 30ean euskal mitologiari buruzko imanak egingo dituzte Ludotekan 5 urtetik gorakoek.
Behin urtea berrian sartuta, beste bi ekintza izango dituzte gazteenek. Urtarrilaren 2an Party Manekin disko festa egingo dute Kiroldegian, eta Urtarrilaren 4ean, aldiz, puzgarriz beteko dituzte Kiroldegiko bazterrak, umeek zoroen pare saltoak egin ditzaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak