Herriko musikari kuttuna luze eta zabal omenduz

Xabi Gorostidi 2016ko abe. 8a, 15:42

Apiriletik abendura bitartean ekintza ugari antolatu ditu Aramaioko Udalak Bizente Goikoetxea musikaria omentzeko. Bere heriotzaren 100. urteurrenean Goikoetxearen izena eta izana gogora ekartzea izan da xedea, eta Udalak balorazio positiboa egin du.

Orain arte Bizente Goikoetxea izena ezaguna izan zitekeen Aramaioko gazteentzat, herriko plazak edo abesbatzak, besteak beste, bere izena daramatelako.  Baina izenaz harago, Goikoetxeak egindakoak eta bizitakoak ez dira izena bezain ezagunak.


Aurten 100 urte bete dira Goikoetxearen heriotzatik eta Aramaioko Udalak antolatu dituen ekintzek hori izan dute helburu; Bizente Goikoetxea nor zen eta zer egin zuen gogora ekartzea.  Aipagarria da ere, Aramaiotik kanpo Valladoliden, Amurrion eta Gasteizen ere izan direla Goikoetxea omentzeko ekitaldiak.

Estatuatik azken kontzertura

Apirilaren 16an hasi ziren musika sakratuko maisua omentzeko ekitaldiak, nahiz eta aurretik San Martin eskolan ere herriko konpositorea ezagutzeko ekimenak ere egin ziren. Bertan, Lorentzo Askasibar elgetarrak Goikoetxearen omenezko estatua berriztua inauguratu zuen, bera izan baitzen 62 urte lehenago lehen estatua egin zuena. Ekitaldi berean, besteak beste, bertso  musikatu bidez errepasatu zituzten Goikoetxearen bizitzako pasarteak.


Ekainaren 18an Aramaioko Bizente Goikoetxea abesbatzak, Araba abesbatzak eta Gasteizko Camerata hari-taldeak Sabin Salaberrik moldatutako Missa in honorem Inmaculada Conception obra eskaini zuten, goraino betetako San Martin elizan.


Goikoetxearen bizipenak belaunaldiz belaunaldi transmititzeko liburua idatzi zuen Jose Mari Velez de Mendizabalek,. Liburuaren aurkezpen ekitaldian, Goikoetxearen lana sakon ezagutzen duten Sabin Salaberri, Rafa Mendialdua eta Floren Unzueta musika adituekin mahai ingurua egin zuten.

 

Azkenik, pasa den egubakoitzean, Bizente Goikoetxea abesbatzak eta Arrasateko Parrokiakoak emanaldia bateratua egin zuten urte osoko ekintzak borobiltzeko.

 

Balorazioa eta esker ona

"Herriko ekintzak aurrera eramateko, hainbat herritar inplikatu dira eta horiei guztiei eta erakunde babesleei esker izan da posible Aramaioko musikagile honi merezitako omenaldia eskaintzea" azaldu dute Udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak