Azaroaren 30ean Estatuko Aldizkari Ofizialean publikatu zituen ADIFek Zabola eta Untzilla auzoetan urgentziaz egin behar dituen desjabetzeak.
AHTa eraikitzeko fasean eragindako kalteak konpontzeko bideratuko dira desjabetzeak. Urtebete baino gehiagoz Aramaio eta Arrasate lotzen dituen errepide nagusia itxita egon zen, eta horrek trafiko guztia Zabola eta Untzilla auzoetatik desbideratzea eragin zuen. Denbora tarte horretan, ohikoa baino askoz trafiko jario handiagoa jasan zuten bi auzoek, eta horrek kalte nabariak sortu zituen errepidean. "Egia esan, ez dakigu zehazki zein lan egingo dituzten. Udalari helarazitako lehen proiektuaren eta zirriborroaren artean ezberdintasunak daude. Orokorrean, bide estutasun batzuk zabaltzera, soroak txukuntzera eta Untzilla aldean kanalizazio lan batzuk egitera bideratuko dira desjabetzeak" adierazi du Martin Arriolabengoa hirigintza zinegotziak.
14 lursail, 415 metro karratu
Estatuko Aldizkari Ofizialean publikatutako agirian zein lursail erabiliko dituen zehazten du ADIFek. Hamalau lursail desjabetuko ditu guztira, 415 metro karratuko eremua bereganatzeko. Gehienak desjabetze txikiak izango dira. Hamalau lursailetatik hamarri 20 metro karratu baino gutxiagoko desjabetzeak egingo dizkiete. Aipagarria da ere, desjabetuko duten azaleraren % 60 lurjabe bakarrarenak direla.
15 egun alegazioak egiteko
Desjabetzeak izango dituzten lurjabeek 15 eguneko tartea izango dute Gobernuaren Ordezkariordetzako Arabako egoitzan idatzizko alegazioak aurkezteko.