Apiril inguruan hasi zituzten Bizente Goikoetxea Errasti konpositore aramaioarraren omenezko ekitaldiak eta urtearekin batera bukatu gura izan dituzte. Kontzertu bereziarekin bukatu ere. Goikoetxea beraren hainbat obra abestu zituzten, baita haren garaikideak izan ziren beste konpositore batzuenak ere.
San Martin eliza beteta
Aramaioko abesbatzak ekin zion kontzertuari eta abestu zituen Goikoetxearen Ave verum eta Ave regina caelorum eta Eduard Stehele-ren Ruinas de un monasterio. Ondoren, Arrasateko Parrokiako abesbatzaren txanda etorri zen. Horiek bost kanta eskaini zituzten: Goikoetxearen Gabon kanta eta Ave Maria; Cesar Frank-en Panis Angelicus; Cassimiriren Kyrie 5 voces; eta Eslavaren Tu es Petrus.
Ekitaldia bukatzeko elkarrekin abestu zuten bi abesbatzek aita Madinaren Aita Gurea eta Goikoetxearen Christus factus est.
Bete egin zen San Martin eliza azken agurra eskaintzeko konpositore handiaren urteurreneko ospakizunei eta txalo zaparradak eskaini zizkieten abeslariei.