Aurrekari gisa hainbat ekitaldi antolatu ondoren, bihar ospatuko dute aramaioarrek Euskararen Eguna.
Askotarikoak izan dira aurretik prestatutako ekintzak; musikalak, kanpotik etorritako gonbidatuen esperientzietatik ikasteko baliagarriak edota euskararen etorkizuneko erronkei buruz hausnartzekoak edo euskararen ginkana. Euskararen Jarraipen Batzordeko kideek antolatu dituzte, eta ekintza guztiek izandako emaitza ikusita balorazio positiboa egin dute.
Euskararen ginkana amaituta
Pasa den domekan amaitu zen euskararen ginkana. Bi astetan zehar, euskararekin lotutako galderak erantzunez aritu dira herriko gazte eta helduak eta honela geratu da sailkapena. Haurren mailan, Uxue Arana izan da garailea, eta Otxandioko Hontza Extrem abentura parkera joateko bost sarrera jasoko ditu. Leire Arrizabalaga izan da bigarrena eta Iraide Onaindiak jaso du Parte hartze saria. 30 eta 20 euroko erosketa jasoko dute hurrenez hurren.
Helduen ginkanan Bittor Kortabarria izan da irabazlea eta trukean bi pertsonentzako afaria eskuratuko du. Markel Arriolabengoa izan da bigarrena eta Nora Altuna, aldiz, hirugarrena. Helduen pate hartze saria Maider Etxebarriak jasoko du.
Sari banaketa bihar izango da, 11:30ean Herriko Plazan
Bigarren herri lasterketa
Iazko lasterketak izandako harrera ona ikusita, aurten jarraipena ematea erabaki eta bigarren herri lasterketa antolatu dute. 12:00etan izango da eta adinka sailkatuta lau modalitate izango ditu. Sei urtetik beherakoek 270 metroko proba egingo dute, sei eta hamabi urte bitartekoek 725 metrokoa eta hamabi eta hamasei urte bitartekoek 2 kilometrokoa. Hamasei urtetik gorakoek bi buelta eman beharko dizkiote bi kilometroko ibilbideari.
Aurten, berrikuntza bezala kamisetak banatuko dira izena ematearekin batera eta prezioa hiru eurokoa izango da. Lasterketa ostean indarrak berreskuratzeko luntxa izango da arkupean.