Bizente Goikoetxearen ibilbide musikala laburtzen duen liburua aurkeztu dute

Mireia Bikuña 2016ko aza. 18a, 19:48

Bizente Goikoetxea. Aramaioko musikaria unibertsala. 1854-1916 delako liburua Jose Mari Velez de Mendizabalek idatzi du Aramaioko Udalari eskariz. Liburuan parte hartu dute Rafael Mendialdua konpositoreak, Sabin Salaberri musikariak eta Floren Unzueta organo joleak. Laurak egon dira aurkezpen ekitaldian.

Konpositore handiaren heriotzaren 100. urteurreneko beste ekitaldi bat egin dute Aramaioko udaletxean. Udalaren eskaerari erantzuteko asmoz liburuan lantzen hasi zenean, Goikoetxearen oihartzuna noraino heldu zen ezagutu du Velez de Mendizabalek. "Mundu mailan jasotako errekonozimendua etxean jasotakoa baino askoz handiagoa izan da. Ikerketa lan honekin Goikoetxearen bizitza ezagutzeaz gain bere izana nolakoa  zen ezagutu dut. Bere figura oso handia izan da", esan du aurkezpenean liburuaren egileak.

Gogora ekarri du, bestalde, Goikoetxea oso berandu hasi zela musikari lanetan. Lege ikasketak egin zituela eta notarioa izan zela. "Haurtzaro eta gaztaro konplikatuak izan zituen aitaren jarrera politikoa eta administratiboa ez zirelako egokiak izan. Haren heriotzaren ostean, 1855ean, apaiz izateko bideari ekin zion", azpimarratu du.

Hiru elkarrizketa liburuan

Aramaioko musikariari buruzko liburua idazteko hura oso ondo ezagutzen duten hiru pertsonaren laguntza izan du: Rafael Mendialdua konpositorea, Sabin Salaberri musikaria eta Floren Unzueta organo jolea. Goikoetxeari buruzko elkarrizketa bana egin zien eta horiek publikatu ditu liburuan.

Liburua salgai dago. Oraingoz, liburu-dendatan eta Aramaioko udaletxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak