Irailetik abendura arte pilotari gazteentzat txapelketarik ez zegoela ikusita, Aramaioko Pelota Elkarteak San Martin txapelketa antolatzea erabaki zuen duela hiru urte. "Entrenatzeaz gain, pilotariak zuriz janztea eta lehiatzen aritzea nahi genuen. Horrez gain, ligaxka formatua eman genion haurrek ahalik eta gehien jokatu zezaten. Klubek antolatzen dituzten txapelketa gehienetan galduz gero etxera joaten zara, eta gurean parte hartzea lehenetsi genuen" azaldu du Josu Olaizola Aramaioko Pelota Elkarteko kideak.
Aurtengo edizioak parte hartze handia izan du, eta benjamin, alebin, infantil eta kadete mailetan Arabako pilota eskoletako 106 pilotari aritu dira. Herriko pilotariek lan txukuna egin dute, eta zapatuko zortzi finaletako bostetan Aramaioko ordezkariak izango dira. Horietako lehenak Benjamin B mailako Jago Garcia eta Manu Iglesias izango dira. Euren onenak eman beharko dituzte zapatuan Egoi Rivera eta Aritz Arruiz lakuarrak gainditzeko. Benjamin A mailako finalean Julen Fernandez aramaioarrak eta Aimar Ruiz lakuarrak osatutako bikoteak, Laudioko Vicario eta Reinaldo izango dituzte aurkari.
Alebin B mailan Ander eta Xabi Errasti aramaioarrek Cariñanos legutioarrak garaitzen ahaleginduko dira. Alebin A mailako finalean, aldiz, Arriolabengoa eta Herrarte aramaioarrek Sanchez eta Escuza hartu beharko dituzte mendean. Bikote laudiarrak 18-0 irabazi zuen pasa den asteburuan jokatutako finalerdian.
Herriko azken ordezkariak Infantil A mailako Asier Del Campo eta Julen Olaizola bikotea izango dira. Txapela lortzeko Lakuako Larrieta eta Esti baliz garaitu beharko dituzte.