Aramaioko trikitilariak, urtero legez, kalera aterako dira, gaur, egubakoitza, San Martin jaia ospatzeko. 18:30ean hasiko dute kalejira Aramaioko kaleetan zehar. Ordubetez herriko bazterrak alaitu ostean mokadutxoa egingo dute Herriko Plazan jarriko duten txistorra dastaketan. "Egitarauak aldaketak jasan izan ditu urteetan zehar, beti ere, trikitia hotsaren, janaren eta edariaren presentziarekin" adierazi du Ainhoa Ullibarriarana Trikitia Taldeko kideak.
Txistorra dastaketaren ondoren zozketa egingo dute. Lehen saria nekazaritza etxe baten asteburua izango da, bigarrena urdaiazpikoa eta hirugarrena gazta. "Urte batzuetan ikasle berrien presentzia eskolan urria izan bada ere, aurten ikasle berri dezente dauzkagu" azaldu du Ullibarriaranak.