Kiroleko lorpenen artean, azpimarragarriak dira, batez ere, Joko Olinpikoetakoak: 2012an, Londonek, brontzezko domina (kirol honetan estatu mailan erdietsitako sailkapenik onena) lortu zuen; eta 2008an, Beijing-en, bosgarren postua eta diploma.
Tbilisin (Georgia) jokatutako Europako Txapelketan zilarrezko domina lortu zuen, eta 2009ko eta 2010eko Bakuko (Azerbaijan) eta Belgradeko (Serbia) Europako Txapelketetan, eta 2009ko Herningeko (Danimarka) Munduko Txapelketan brontzezkoak.
Maider Unda Basque Teamekin urte gehien daramatzan kirolarietako bat da. Sorreratik, 2008. urtetik, egon da fundazioari lotuta.
Aurtengo Rioko Joko Olinpikoetarako txartelik ez zuen lortu, horretarako jo eta su ahalegindu arren. 2016ko Europako Txapelketan izandako lesio batek zaildu egin zuen hasierako helburua. Istanbuleko aurtengo munduko txapelketan ere urrun geratu zen helburu hori lortzetik.
Oletako baserriko lanetan eta borroka libreko eskoletan ematen du lan jarduna gaur egun.
Esan bezala, eguaztenean iragarriko du ofizialki agurra eta arrazoiak. Horretarako, prentsaurrekoa deitu du Basque Time fundazioak. Undak ondoan izango ditu agerraldian Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua; Jon Redondo Gazteria eta Kirol zuzendaria; Olatz Legarza Basque Team, Euskadi Kirola Fundazioaren koordinatzailea, eta Luis Crespo kirol-prestatzailea. Borrokako gorengo mailari ia bi hamarkada eskaini eta gero erretiroa hartzera doala iragarriko du.