Jubilatuen Egunean ohikoa izaten den bezala, aurten ere, umeek dantzak eskaini dizkiete herriko jubilatuei mezaren ostean eta hor ere jende dezente elkartu da dantzariak txalotzeko.
Artisau eta ganadu azokak ere erakarri du jendea. Barazki, gozoki eta eskuz egindako produktuen 58 postu izan dira guztira, gehienak aramaioarrek jarritakoak gainera. Taloa janaz eta herrian entzuten ziren trikitixa doinuez, pozik ibili dira herritarrak eta baita kanpotik azoka ikustera joandakoak ere.
Kultura zinegotzi Kristina Etxenausiak, egunaren balorazio positiboa egin du eguerdian: "Eguraldi ikaragarri ona dago, iaz bezala, postu guztiak beteta egon dira, jende asko etorri da eta momentuz balorazioa oso ona da".
Eguerdian 112 lagun elkartu dira frontoian jarri duten karpan bazkarirako.