2016ko Jubilatuen Eguna ate joka

Xabi Gorostidi 2016ko urr. 28a, 12:00

Alaiak Jubilatuen Elkarteko kideek euren jaieguna ospatuko dute bihar, zapatua. Herriko eta kanpoko produktuen azoka izango da protagonistetako bat, baina urteroko bazkaria eta dantza zein trikitia emanaldiak ez dira faltako

Jubilatuen Eguna urteko hitzordu garrantzitsuenetako izan ohi da Aramaion, eta aurtengorako dena prest daukate antolatzaileek. Alaiak elkarteko kideen egun handian artisau eta ganadu azoka ez da faltako, eta urtero bezala eskaintza zabala egongo da.
Azokaz gain, meza egingo dute 12:00etan eta 13:00etan herriko trikitilari eta dantzariek emanaldia eskainiko dute. Azokak 11:00etatik 14:30 iraungo du, orduan hasiko baita bazkaria. Aurreko egubakoitzean amaitu zen txartel salmenta eta guztira 112 lagun batuko dira Kiroldegian bazkaltzeko.

58 postu, 31 Aramaiokoak

Aurtengo artisau eta ganadu azokari esker denetarik ikusteko eta erosteko aukera izango da Nardeaga kalean zehar egongo diren postuetan. 58 postu ikusi ahal izango dira, horietako gehienak aramaioarrenak.
Konkretuki 31 izango dira, hogeita bi artisauenak eta bederatzi ganaduarekin lotutakoak.
Artisauei dagokionez, Gazte Asanbladaren taloak, Nerea Galindezen onddoak, Aramailurreko kideen otarrak, 6. mailako ikasleen pastelak edo Maitane Gomez de Segurak jarriko dituen Saharako artikuluak egongo dira besteak beste.
Herriko ganaduak erakutsiko dituztenen artean Unai Uribarrenen behiak eta txahalak, Iñaki Arriaranen behorrak edo Juan Andres Altuna-Iturrosteren astoak daude.
Kanpotik etorritako ganaduzaleek eta artisauek ere izango dute euren tokia, eta gauza berezi ugari ekarriko dituzte Aramaiora. Batzuk aipatzearren, arrantzaleen arropak, Afrikako artisauen lanak, Aloe Vera-rekin egindako produktuak eta birziklatutako materialekin egindako gauzak ikusi ahal izango dira zapatuan.

Abesbatzen presentzia

12:00etan mezaren txanda izango da. Bizente Goikoetxea abesbatzako kideek emanaldia egingo dute bertan. Hau bukatzean Papargorri abesbatzakoek kantaldi berezia egingo dute elizako arkupetan.
"Hiru abesti kantatuko ditugu. Lehena haurrek egingo dute eta hurrengo biak hiru taldeek batera abestuko ditugu. Jubilatuen Egunerako apropos prestatuko kanta bereziak izango dira, gainera. Lehena Txakoli Txakoli, Aramaion sortutako dantza batetik egindako abestia, eta bigarrena, Txerren Ormaetxeak egindako Aramaiori bertso sortatik egindako kanta" adierazi du Larraitz Arriolabengoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak