2017ko Arabako Bertsolari Txapelketa otsailean hasiko da, baina asteburu honetan hasiko dira bertan egon ahal izateko lehen bi kanporaketak.
Bi urtean behin ospatzen den txapelketa da, beraz, Aramaioko bertsolariak gogotsu daude lan ona egin eta bertara sailkatu ahal izateko.
Lau kanporaketa
Lau kanporaketa jokatuko dira datozen bi asteburuetan banatuta. Lehena, egubakoitzean izango da Maeztun, 20:00etan. Sei bertsolari arituko dira nor baino nor, baina ez da Aramaioko parte hartzailerik izango.
Zapatuan helduko da herriko lehen bertsolarien txanda, Lantziegon egingo den saioan. Andere Arriolabengoa eta Paula Amilburu euren onena ematen ahaleginduko dira txapelketan aritzeko txartela lortzeko. Bi aramaioarrekin batera arituko dira Asier Rubio luiaondoarra, Jon Ruiz de Pinedo gasteiztarra, Serapio Lopez baranbioarra, eta Xabier Rico gasteiztarra. Azken biak esperientzia handiko bertsolariak dira, beraz, belaunaldi ezberdinen arteko lehia interesgarria ikusi ahalko da Lantziegoko saioan. Bitxikeria gisa aipatzea Lierni Altuna alkatea arituko dela gai-jartzaile lanetan, beraz, aurpegi ezagun bat izango dute oholtza gainean Amilburuk eta Arriolabengoak.
Hurrengo asteburuan helduko da sailkatu gabe dauden beste bi aramaioarren ordua. Iker Agirrerena Izarran izango da, azaroaren 4an, egubakoitza. Peru Abarrategirena, aldiz, azaroaren 5ean izango da, Araian jokatuko den kanporaketa saioan.
Agirre eta Igoa sailkatuta
2015eko sei finalistek poltsikoan daukate 2017ko txapelketan parte hartzeko txartela. Hala, Manex Agirre eta Xabi Igoa aramaioarrek bermatuta daukate euren parte hartzea.
Oraindik ofiziala ez den arren, azken finalistetako batek ez du parte hartuko 2017ko edizioan. Hori dela eta, sailkatzeko kanporaketan arituko diren 24 bertsolarietatik puntuazio altuena jasotzen duten hamahiru onenak sailkatuko dira.