Ikasturte berri bat hastera doaz Aramaioko Bertso Eskolan, eta hori ganoraz ospatzeko irekiera jaialdia egin dute gaur iluntzean Sastiñan. Guztira, 50 lagun inguruk egin dute bat Beñat Gaztelumendi eta Oihana Bartrak egindako saioa ikusteko.
Saioa atzerapen txiki batekin hasi da, Oihana Bartrak Aramaio Legutiorekin nahastu duelako. Iazko irekiera jaialdian Julio Soto eta Unai Gaztelumendi aritu ziren, eta Beñatek anaiak iaz erakutsitako mailan aritzeko gogoari egin dio erreferentzia lehen bertsoetan. Bertsolaritzak familiarekin izan ohi duen loturak aipatu ondoren, Sastiñan ikusgai zeuden margolanak hartu dituzte hizpide.
Margolaritzarako duten trebezia faltak bertsolaritzan sartzeko arrazoiak ekarri dizkie gogora Bartrari eta Gaztelumendiri. Hala, bertso eskolan emandako lehen urratsei eta parrandei buruzko koplak botatzeko aitzakia perfektua ikusi dute. Beñaten bertsoetako batek hala zioen:
Ordu bete egon nintzan, kopla txar bati tiratzen,
gero ohartu nintzan, ez zula errimatzen.
Atzera begiratu hori egin ondoren ikusleei erasotzeko ordua heldu da. Olentzeroren antza zuen txapeldun ikuslea, edota Julio Sotoren klon arabarra izan dira euren biktimetako batzuk. Jarraian, nor da nor? jokoari ekin diote. Ikusleak zutik jarri eta bertsolariek ikusle bana aukeratu dute. Batak pistak eman eta besteak aukeratua nor zen asmatzera jolastu dute, eta hemen ere algara ugari eragin dituzte Aramaioko ikusleen artean.
Binakako kopla batzuk egin eta agur bertsoa bota ondoren amaitu dute saioa zaleen txalo artean. Ondoren Uribarri elkartean jarraituko dute jaiarekin afari gozo baten bueltan.