Ikasturte berria ate joka dator eta Aramaioko bertso eskolako kideak prest daude beste urte batez euren afizioa aitzakia hartuta batzen jarraitzeko.
Bihar, egubakoitza, egingo dute bertso urte berriaren jaia Sastiñan 19:30ean. Gazte eta helduek osatzen duten Aramaioko bertsozaleen familiak, beste urte batez elkartuko direla ospatuko du, eta gainera ez dira bakarrik izango. Iazko jaialdian Julio Soto eta Unai Gaztelumendi bertsolarien bisita jaso zuten, eta aurtengoan ere gonbidatu bereziak izango dituzte Sastiñako oholtza gainean.
Bartra eta Gaztelumendi
Oihana Bartra bilbotarra eta Beñat Gaztelumendi añorgarra izango dira aurtengo irekiera jaialdira etorriko diren bi artistak.
Gaztelumendirentzat ez da aurten Aramaiora datorren lehen aldia izango. 2015eko Gipuzkoako txapelduna apirilean ospatutako munduko inprobisatzaileen topaketara ere etorri zen, Xabi Igoarekin batera euskal bertsolaritza ordezkatzera.
Bertso Eskola osasuntsu
Bigarren urtez jarraian, lau talde edukiko ditu Aramaioko bertso eskolak. 11 eta 13 urte bitartekoa, 14 eta 15 urte bitartekoa, 16 eta 18 urte artekoa eta helduena.
Xabi Igoarentzat albiste ona da aurten ere lau taldeak mantentzea."Hiru talde izatetik lau izatera pasa ginen duela bi urte. Aurten talde eta pertsona kopuru berdina arituko gara, beraz, positiboa da guretzat galerarik ez edukitzea. Aramaion 30 lagun inguruk osatzen dugu bertso familia, eta pozgarria da oso".