Zifra esanguratsu hori behar bezala ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte. Urriaren 15a izango da egun handia, baina martitzenean hasiko dira ospakizun ekintzekin.
Lehenik eta behin, Kultur etxeko sarreran dantza taldearen ibilbideari errepasoa egiteko argazki erakusketa jarriko dute. Astebetez egongo da ikusgai, urriaren 18ra arte.
Argazki erakusketa zabaltzen den egun berean euskal folklorean aditua den Ane Albisuk Festarako euskal jantziak saioa eskainiko du. Bertan jantzien bilakaera errepasatu eta proposamenak egingo ditu donostiar jantzi adituak.
Urriak 15 ekitaldi nagusia
60 urteak ospatzeko ekitaldi nagusia urriaren 15ean, zapatuan, izango da. Kalejirarekin hasiko da eguna eta jarraian dantza jaialdia egingo dute kiroldegian. Hau amaitzean herri bazkaria egingo dute eta ostean erromeria. Bazkarirako sarrerak salgai daude Aramaioko tabernetan.