Udalak antolatuta
Hainbat urtetan Itur Zuri Emakume elkarteak antolatu ondoren 25. edizioa Aramaioko Udalak antolatu du. Iaz, gogoeta sakon bat egin ondoren, margo lehiaketa Udalaren esku uztea erabaki zuten. Lehiaketaren izaera herrikoia ikusirik emakumeen aldeko aldarrikapenetatik aske uztea egokia zela erabaki zuten. Hala ere, lehiaketa bere horretan mantenduko du Udalak, inongo aldaketa sakonik egin gabe.
Aramaio eta ingurua
Urtero legez, Aramaio eta ingurua gaia izango da parte hartzaileek euren lanetan plasmatu beharko dutena. Teknika librea izango da eta adin eta jatorri guztietako margolariek eman dezakete izena. Behin margolanak bukatuta, 14:30ean parte hartzaileei bazkaria emango zaie eta epaimahaiak 18:30ean emango du erabakiaren berri.
Saria jasotzen dituzten margolanak Sastiñan egongo dira ikusgai urriaren 13tik 16ra bitartean.
Sari ugari
Zazpi sari banatuko dira parte hartzaileen artean eta guztira 2.000 eurotik gora banatuko dituzte.
Lehen sariak 700 euro jasoko ditu, bigarrenak 500 eta hirugarrenak 400 euro poltsikoratuko ditu. Horretaz gain, aramaioar onenarentzat 150 euroko saria ere jarri dute antolatzaileek.
16 urte azpikoek euren sariak izango dituzte. Kasu honetan margo materiala erosteko diru sariak izango dira. Lehenak 150 eurokoa jasoko du, bigarrenak 100ekoa eta hirugarrenak 50ekoa.