Ez da aspertzeko tarterik izango Untzillan eta Etxaguenen gaurtik hasi eta domekara bitartean. Bi auzoek jaiak ospatuko dituzte aldi berean, eta ekintza sorta polita prestatu dute festak fundamentuz gozatzeko.
Untzillan bertsoak eta magoak
Gaur 19:00etan kanpai eta etxafleroekin hasiko dituzte Untzillako 2016ko jaiak. Ondoren bertsoak izango dira protagonista. Elkarteko mahaiaren bueltan bertso afaria egingo dute Iker Zubeldia eta Julio Soto gonbidatuekin.
Bihar, zapatua, 12:00etako mezaren ostean trikitilariak eta umeentzako puzgarriak egongo dira, eta 14:00etan auzo bazkaria egingo dute elkartean. Sabela bete ostean, mus txapelketaren txanda izango da, eta jarraian Kidam magoaren ikuskizuna hasiko da 17:30ean. Eguna bukatzeko Murumendi elkartearen 34. bolo txapelketa egingo dute.
Domekan, aldiz mendi irteera eta bermouth dantza izango dira, besteak beste.
Etxaguengo San Migelak
Etxaguenekoek etxafuegoen soinuekin hasiko dituzte jaiak gaur 19:00etan, eta iluntzean bertso afaria egingo dute Fredi Paiaren eta Arkaitz Estiballesen eskutik.
Zapatu goizean DJek girotutako dute txikiteoa. Arratsaldean mus txapelketa ospatuko dute eta aldi berean umeentzako puzgarriak egongo dira, eta borobiltzeko, sokamuturra Etxango zezenen eskutik.
Domekan trikitilariek alaituko dute jubilatuen luntxa, eta ondoren mus txapelketa eta puzgarriak izango dira.