Giro polita eta jende ugari Aramaioko Sagardo egunean

Xabi Gorostidi 2016ko ira. 25a, 16:39

Herriko hamahiru ekoizleren sagardoak dastatzeko aukera izan dute gaur Aramaiora gerturatu direnek. Aurtengo edizioan Aramailur elkartea izan da irekiera txotxean omendu duten elkartea eta Lagun-artean dantza taldekoek talo eta pintxo guztiak saldu dituzte.

Eguraldiak lagunduko ez zuelakoan karpa prestatu zuten atzo, zapatua, baina gaur eguraldiak ez du kale egin eta karpatik kanpo ospatu dute 2016 Sagardo eguna.

12:00etan eman diote hasiera jaiari eta aurten Aramailur elkarteak egin du irekiera txotxa. Alkateak aurkezpen txiki bat egin ondoren Aramailurrekoek hartu dute hitza euren jarduna azaltzeko. Irekiera egin ondoren trikitilariek eta bertsolariek girotu dituzte bazterrak.

Herriko hamahiru ekoizleren sagardoa dastatzeko aukera egon da hiru euroren truke, eta Kristina Etxenausia kultura zinegotzia pozik azaldu aurtengoen kalitatearekin. "Denak dira gozoak, baina politena da denek daukatela euren gustu propioa".

EH Bilduko Arabako zerrendaburu den Miren Larrion ere bertan izan da eta ondoren Aramaion geratu da bazkaltzera. Lagun-artean dantza taldekoek postutxoa jarri dute txistorra taloekin eta gazta eta txorizo pintxoekin. Ez zaie lanik falta izan, jarri dituzten jaki guztiak saldu dituztelako. Lanez gainezka ibili diren arren, dantza egiteko tartea ere hartu dute. Horretaz gain, taldearen 70. urteurrenerako dirua biltzeko zozketa antzerako bat egin dute. Pote baten barruan hainbat botilen kortxoak jarri dituzte, parte hartzaileek kopuru zehatza asma zezaten. Zehatz mehatz 192 kortxo zeuden, baina ez du inork bete-betean asmatu. Gehien hurbildu dena Ahintzane Telleriarte izan da eta Aramaioko produktuekin osatutako otzara bat irabazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak