Hirugarren txanda bertan behera utzi behar izan zuten Castrok eta Urkiolak. Lasterketa hasi aurretik ondo zekiten Aramaiokoa erronka gogorra zela, errepidea bustita egonda Mitsubishi EVOen aurrean atzeko trakziodun autoa izanda desabantaila zeukatelako, eta lehenengo bi txandetako denborek baieztatu zuten hori.
Lehenengo txandan Barrenetxea izan zen azkarrena (05:25.880), eta bigarrenean Joseba Beolak hartu zuen aurrea (05:23.141), eta bi kasuetan, Castrok eta Urkiolak 10-15 segundo gehiago behar zituzten manga osatzeko [Denbora denak, hemen]. Igotzeko desabantaila horrekin, bezperan Alaitz Urkiolak aipatu zuen jaitsieran arriskatu beharko zutela, baina horrela ere ez, Etxauengo bidegurutzetik Gantzara, eta handik Ibarrarako tartea oso arriskutsu zegoen, bustita eta pinu hostoz beteta.
Eta gainontzeko kategorietan ere lehia politak izan ziren, baina errepidea zegoen egoeran egonda ez zegoen askorik arriskatzerik. Errepide bazterrean ere ohi baino jende gutxiago, batez ere lehenengo txandan bota zuen zaparradak ez zuen lasterketa bide bazterretik jarraitzeko gonbitea egiten, nahiz eta bigarren txandarako atertu egin zuen.